Itxi

Katalunia

Junquerasek eta 8 kontseilari kargugabetuek lehen gaua eman dute kartzelan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Santi Vilak dagoeneko ordaindu du 50.000 euroko bermea, eta gaur bertan utziko dute aske. Intersindical SCSk greba orokorra deitu du azaroaren 8rako.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Oriol Junqueras kargugabetutako presidenteordea eta zortzi kontseilari kargugabetuek lehen gaua igaro dute kartzelan, Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak bermerik gabeko espetxeratzea agindu eta gero. Matxinada, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzi die auto gogor batean.

Zazpi gizonak Estremerako kartzelan sartu dituzte, eta emakumeak, Alcala Mecon, biak Madrilen.

Santi Vilak espetxean eman du gaua, baina gaur bertan aterako da bertatik, horren abokatuak 50.000 euroko bermea ordaindu baitu.

Bitartean, Lamela epaileak nazioartean bilatu eta atxilotzeko agindua eman dezake gaur Carles Puigdemonten eta Bruselan diren lau kontseilari kargugabetuen kontra .

Horren kontura, Paul Bekaert Puigdemontek Belgikan duen abokatuak VRT telebista kateari bart esan dionez, Espainiak jada eman du bere bezeroaren eta lau kontseilari kargugabetuen aurkako euroagindua. Bekaerten hitzetan, presidentearen ustez "ez da deklaratzeko unerik egokiena" eta "hobe da distantzia hartzea", baina Puigdemontek justiziari ihes egiteko asmorik ez duela berretsi du.

Euroaginduaz galdetuta, Belgikako Fiskaltzak esan du zain dagoela eta legea beteko duela.

Horrez gain, Lamelaren beste erabaki bat mahai gainean izango du Auzitegi Nazionalaren Zigor arloko Salako bigarren sekzioak. Izan ere, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC eta Omnium Cultural elkarteetako presidenteen kartzelatzea aztertu behar dute, apelazio bista batean. Abokatuek Sanchez eta Cuixart aske uzteko eskatuko dute, eta Fiskaltzak kontrako argudioak emango ditu "ihes egiteko arriskua eta delituak berriro egiteko eta frogak suntsitzeko aukera" handiak direlako.

Junquerasek PSOE/PSCren jarrera kritikatu du

ARA egunkariak Oriol Junqueras presidenteorde kargugabetuaren iritzi artikulua kaleratu du gaur, "Lan egin dezagun askatasuna irabazteko" izenburupean. Agirian, 155a ezartzeko PPk PSOE/PSCren aldetik izan duen "erabateko konplizitatea" salatu du. "PSC PPri buru-belarri emanda egon izan ez balitz, ez geundeke kartzelan, Jordiak ere ez", kritikatu du.

Horrez gain, "batuta" egoteko deia egin die alderdi eta erakundeei: "Defenda dezagun demokrazia, eskubide zibil eta politikoak defendatzeko antola gaitezen, lan egin dezagun askatasuna irabazteko eta Kataluniako herritar guztien eskubide politiko eta zibilak errespeta daitezen".

Junqueras atzo, Auzitegi Nazionalera heltzean. Argazkia: EFE

Greba orokorra deitu dute azaroaren 8rako

Protestek ez dute etenik kalean. Gaur hainbat errepide itxi dituzte manifestariek, besteak beste, Bartzelonako Kale Nagusia eta A-2 autobidea. Horrez gain, Bartzelona eta Valles arteko trenbide zerbitzua etenda egon da minutu batzuetan Sant Cugaten (Bartzelona), herri horretako Errepublika Babesteko Batzordeak deitu duen manifestazio bat tarteko. Arranek (CUPen gazte mugimendua) deitu ditu protestetako batzuk.

 

Atzo arratsaldean dozenaka elkarretaratze egin zituzten Bartzelonan eta hiri nagusietan. Gauean, 22:00etan hasita, lapiko jotzeak izan dira nonahi.

Halaber, Intersindical CSCk greba orokorra deitu du Katalunian azaroaren 8rako. "Eskubide sozialek atzera egin" dutela eta 155 artikuluaren aplikazioa salatzeko deitu dute lanuztea.

Bestalde, Bartzelonako Udalak adierazpena onartu du ostiral honetan eskari argi bat egiteko: "Segituan aske uzteko preso politiko guztiak; horixe dira, preso politikoak, nahiz eta beti era baketsu eta demokratikoan eta hautetsontzien aginduari jarraituz jardun izan duten". Udalbatzak adierazpen instituzionala adostu du, eta hauek eman dute horren aldeko botoa: BComu, Democrata taldea, ERC, CUP eta Gerard Ardanuy zinegotzia.

Kataluniako Udalen Elkarteak (ACM, katalanez) eta Independentziaren aldeko Udalen Elkarteak (AMI, katalanez) bilera egingo dute 13:00etan, zein pauso eman adosteko.

Albisteak (6)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)