Itxi

Katalunia

Bartzelonako Udalak Gobernuko kontseilari kargugabetuak askatzeko eskatu du

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Udalbatzaren iritzian, independentzia-aldarrikapenaren ostean 155.a aplikatzea "ez da duina".

Ada Colau Bartzelonako alkatea, artxiko irudian. Argazkia: EFE.

Bartzelonako Udalak adierazpena onartu du ostiral honetan eskari argi bat egiteko: "Segituan aske uzteko preso politiko guztiak; horixe dira, preso politikoak, nahiz eta beti era baketsu eta demokratikoan eta hautetsontzien aginduari jarraituz jardun duten". Udalbatzak adierazpen instituzionala adostu du, eta hauek eman dute horren aldeko botoa: BComu, Democrata taldea, ERC, CUP eta Gerard Ardanuy zinegotzia.

Ezohiko bilkuran, Bartzelonako Udalak erabateko babesa agertu dio "Kataluniako Generalitatearen Gobernu legitimoari, Carles Puigdemont presidentea eta Oriol Junqueras presidenteordea buru dituen horri", baita Mahaiari eta Kataluniako Parlamentuari ere. Eskumenak kendu dizkiete guztiei, 155. artikulua aplikatuz; adierazpen instituzionalaren arabera, baina, artikulu hori "ez da duina".

155.aren aplikazioa eta Kataluniako politika epaitegietan egoteari uzteko eskatu dute adierazpenean, eta "legeak arbitrariotasuna erabiliz eta modu alderdikoi batean" aplikatzen ari direla salatu dute: "Zuzenbideko Estatu duin batek bermatu beharko lukeen botereen banaketa galbideratzen ari dira".

Kartelak erakutsi dituzte

Demokrata taldeak, ERCk eta CUPek kartelak erakutsi dituzte, kartzelatuak askatzea eskatzeko, azken hilabeteotako hainbat gertakari arbuiatu dituzte, errepresioarekin lotu dituztenak, eta "bitartekaritza politikoa" egin dezatela eskatu diete Europar Batasunari eta nazioarteari, "eztabaida erraztu eta irtenbide politikoa topatzeko asmoarekin".

Ada Colau alkatearen ustez, irmotasunak eta duintasunak batu egin beharko lituzkete zinegotziak; izan ere, Kataluniako hiriburua izateaz gain, "herritarrek zuzenean hautatutako erakunde nagusia da une honetan Katalunian". "Aukeratu duten herritarren aginduari bakarrik egin behar lioke men Bartzelonako Udalak", gaineratu du.

Albisteak (5)