Itxi

Katalunia

Santi Vila kartzelatik irten da 50.000 euroko fidantza ordainduta

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Enpresa kontseilaria izan zen, Kataluniako Generalitatean, aurreko ostegunera arte; egun horretan, independentzia-aldarrikapenaren aurrekoan hain zuzen, dimisioa eman zuen.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Santi Vila Madrilgo Estremerako kartzelatik irten da ostiral honetako arratsaldeko lehen orduan, 50.000 euroko fidantza ordainduta. Vila Enpresa kontseilaria izan zen, Kataluniako Generalitatean, aurreko ostegunera arte; egun horretan, independentzia-aldarrikapenaren aurrekoan hain zuzen, dimisioa eman zuen.

Kargugabetutako kontseilariek ez bezala (denek deklaratu behar zuten ostegunean, Auzitegi Nazionalean), Vilak deklarazioa egin zuen, Carmen Lamela epailearen aurrean. Lamelak erabaki desberdina hartu zuen Vilarentzat eta kargugabetutako kontseilarientzat; izan ere, Enpresako arduradunarentzat beste auto bat eman zuen, "egoera berezia" detektatzen zuelako.

Lamela epaileak ez du ikusten arriskurik Vilak delitua errepika dezan; kontuan hartu zuen, hain zuzen ere, "prozesu subiranistari uko egin ziotela, bere borondatez", independentzia-aldarrikapenaren aurreko egunean.

"Aurrea hartzeko" eskatu die agintariei

Kartzelatik irten denean, Vilak eskatu die Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren presidenteari eta Estatuko agintari nagusiei aurrea har dezatela "Kataluniarekin dagoen gatazkari irtenbidea topatzea xede": "Hau ez dugu epaitegietan konponduko, politikan baizik, hor bakarrik", nabarmendu die kazetariei.

Lehenik eta behin, Espainiako alderdiei eskatu die "guztiz demokratak izan daitezela, eta sen demokratikoa izan dezatela"; Vilaren esanetan, bitartekaritza egin beharko lukete egoerari amaiera emateko, alegia, kartzelan politikaririk egon ez dadin.

Estatuko agintariei ere zuzendu zaie, alegia, Mariano Rajoy Espainiako presidenteari, Ana Pastor Kongresukoari, Pio Garcia Escudero Senatukoari; eskatu die aurrea hartzeko, politika-mailan.

Santi Vilak nabarmendu du Junqueras eta Estremerako kartzelan dauden gainerako kargugabetutako kontseilariak "ondo" daudela, "lasai"; bizi duten egoera, nolanahi ere, "atsekabegarria eta ikaragarria da". Haren iritziz, Auzitegi Nazionaleko epaileak "gehiegizko neurriak" hartu ditu haien aurka.

"Konfiantza dugu, eta uste dugu denok hartuko dugula benetako konpromisoa egoera mingarri honi amaiera emateko; munduko demokratek ez dute ulertzen hau", berretsi du.

Albisteak (3)

Bideoak (1)