Itxi

Katalunia

CUPekin eta Podemekin osatutako zerrenda bateratu baten alde agertu da ERC

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Errepublikarrek ez dute hautagaitza bateratua baztertu, baldin eta JxSí koalizioa baino talde zabalagoa osatzea lortzen badute.

ERC alderdiaren Kontseilu Nazionala. Argazkia: EFE

ERC alderdiak burujabetzaren aldeko zerrenda bateratua aurkezteko apustua egingo du abenduaren 21eko hauteskundeetan, baldin eta JxSí koalizioa baino talde handiagoa osatzen badu. Hori dela eta, CUP alderdia eta Podemeko atalen bat gehitzea proposatu dute errepublikarrek.

Europa Press agentziari azaldutakoaren arabera, ERCk gaur egindako Kontseilu Nazionalean azaldu du aukera. Oriol Junqueras alderdiko buruzagia eta kargugabetutako presidenteordea espetxeratu zutenetik egindako lehen bilera izan da.

Horrenbestez, errepublikarrek ez dute hautagaitza bateratua baztertu, baldin eta JxSí koalizioa baino talde zabalagoa osatzea lortzen badute. Junts pel Sí honako alderdi hauek osatzen dute gaur egun: PDeCAT eta Demòcrates y MES. Orain, CUP alderdia eta Podemeko zenbait kidek ere bat egitea nahiko lukete.

"Ez bada posible, norbera bere aldetik aurkeztuko da, koordinatutako estrategia batekin", aipatu dute.

Esate baterako, alderdi bakoitza bere aldetik aurkeztea izango litzateke aukera horietako bat, hauteskunde programako hainbat atal partekatuta: "preso politikoak aska ditzatela eskatzea", besteak beste.

Oraingoz, inork ez du hautagaitza hori ukatu, baina koalizioak osatzeko epea azaroaren 7an amaituko denez, azkar negoziatu beharko dute.

ERCren gaurko Kontseilu Nazionala baino lehen, ERC, CUP eta Podem alderdiak hitz egin dute, eta bilera gehiago aurreikusi dituzte gaia jorratzeko.

Albisteak (3)