Itxi

Ekitaldi instituzionala

Euskal alderdiek 'biktima guztiak' ekarri dituzte gogora Memoria Egunean

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

PPk ez du parte hartu Eusko Legebiltzarreko kanpoaldean egin duten ekitaldi nagusian.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Legebiltzarrak ekitaldia egin du ostiralean Memoria Egunean, "biktima guztiak" gogoratzeko. Talde guztiak izan dira bertan, PP izan ezik.

Ekitaldi instituzionala 10:30ean hasi da, 'Gauerdiko Iparrorratza' eskulturaren aurrean lore-eskaintza eginez. Eskultura hori biktimen omenez egin zuten, eta Legebiltzarraren sarrera nagusiaren ondoan dago, Gasteizen.

Eskulturaren ondoan, suontzi bat jarri dute, eta horren ondoan jarri dituzte legebiltzarkideek utzitako loreak. Banan-banan igaro dira bertatik Legebiltzarreko talde politiko guztietako kideak , PPkoak izan ezik. Azken urteotan egin duten bezala, horiek ez dute omenaldian parte hartu; izan ere, horien iritziz, ekitaldi horretan bakarrik gogorarazi beharko lituzkete terrorismoaren biktimak. Hala, PPk ekitaldi propioa egin du Getxon, 11:00etan.

Legebiltzarreko Mahaiak asteartean adostu zuen, Memoria Egunari begira, eta azken urteotan egin duenez, ostiral honetako ekitaldia "biktima guztiak" gogoratzeko izango zela.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea buru, lore-eskaintza amaitutakoan, parte-hartzaileek bi minutuko isilunea egin dute.

Gogora Institutuaren ekitaldia, arratsaldean

Arratsaldean, 17:00etan, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak ekitaldi instituzionala egingo du; Iñigo Urkullu lehendakaria bertan izango da. Hainbat gaztek Memoria Egunaren gaineko euren hausnarketen berri emango dute, eta euren nagusiengandik horri buruz zer jaso duten kontatuko dute.

Bideoak (1)