Mobilizazioa
Milaka pertsona bildu dira Bartzelonan, 'preso politikoen' askatasuna aldarrikatzeko
Agentziak | Erredakzioa
ANCk eta Òmnium erakundeek deitutako manifestazioa izan da. Kargugabetutako kontseilariez gain, Jordi Cruixart eta Jordi Sanchez aska ditzaten aldarrikatu dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Milaka pertsona bildu dira dira larunbat arratsaldean Bartzelonan, "preso politikoen" askatasuna aldarrikatzeko. Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC eta Omnium Cultural elkarteetako presidenteak ez ezik, kargugabetu ostean espetxeratutako zortzi kontseilariak aske uztea eskatu dute.
900 autobus antolatu dituzte Katalunia osoan manifestaziora joan ahal izateko. Bartzelonako Marina kalean barrena abiatu da mobilizazioa, hiriko hainbat toki esanguratsutatik igaro ostean, itsasoaren parera heldu arte.
Independentismoaren aldeko agintari politikoez gain, espetxean dauden buruzagien senideak abiatu dira manifestazioaren buruan. Bi pankarta daramatzate, 'Llibertad pels presos politics ? Som república' (Askatasuna preso politikoentzat ? Errepublika gara) lelopean. Udaltzaingoaren arabera, 750.000 pertsona inguruk egin dute bat.
Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak ez du manifestazioan parte hartu, haren abokatuen gomendioz, Europa Press agentziak aditzera eman duenez. Ostiralean irten zen kartzelatik, fidantza ordaindu ostean.
Politikari ugari izan dira Bartzelonako martxan: Roger Torrent (ERC); Josep Lluís Cleries eta Neus Munté (PDeCAT); Benet Salellas eta David Fernandez (CUP); Elisenda Alamany (CatComú); Andoni Ortuzar (EAJ); Albano Dante Fachin (Podemeko buruzagi ohia); ANC eta Òmniumeko kideak eta Ada Colau Bartzelonako alkatea.
Manifestariei "oso aktibo" jarraitzea eskatu die Puigdemontek Bruselatik
Carles Puigdemontek bideoz grabatutako mezu bat helarazi die manifestazioan izan direnei. Hain zuzen ere, "oso aktibo" jarrai dezatela eskatu die, Kataluniako prozesuagatik eta independentzia adierazpenagatik ikertzen ari direnek eskertuko dietela argudiatuz. Gainera, helburua lortzeko beharrezkoa dela berretsi du.
"Entzun nahi zaituztegi, eta ziur gaude Bruselan gaudenok eta kartzelan daudenek zuen aldarria entzungo dugula", esan du mezuaren amaieran.
Orobat, kargugabetutako kontseilarien mezuak ere eskaini dituzte "preso politikoen askatasuna" eskatzeko, Bruselatik horiek ere: Meritxel Serret (Nekazaritza), Lluis Puig (Kultura), Clara Ponsati (Hezkuntza) eta Antoni Comin (Osasuna).
Sanchezek (ANC) "batasuna" eskatu du kartzelatik eta Cuixartek (Òmnium) babesa eskertu du
ANC eta Òmnium Cultural erakundeetako presidenteek, Jordi Sanchezek eta Jordi Cuixartek hurrenez hurren, gaur Bartzelonan jasotako babesa eskertu dute espetxetik. Ondoren, burujabetzaren aldekoen "batasunak" sendo jarraitzen duela egiaztatu dela azaldu dute, azken asteotako kartzelaratzeen gainetik.
Batetik, Sanchezen alabak irakurritako adierazpenean, burujabetzaren batasuna eskatu du, independentziaren aldeko proiektuari indarra ematen dion "balioa" delako. Bestetik, jendea espetxeratu arren, Errepublika burutu egingo dela ziurtatu du.
"Azkenean irabazi egingo dugu. Askatasuna iritsiko da, asko garelako. Eskerrik asko eta eutsi gogor", ondorioztatu du Sanchezek gutun horren bidez. Txalo zaparrada jaso du Abril alabak irakutzen bukatu duenean.
Cuixarten gutuna, berriz, Txell Bonet bikotekideak helarazi du. "Kataluniako herriak ez duela inoiz huts egin" esan du, espetxeratzeek are gehiago batu dituztela nabarmenetzeaz gain.
"Isolatu egin nahi gintuzten arren, are gehiago batu gaituzte. Bakea, elkarrizketa eta ez diezaiogun uko egin gure etorkizuna erabakitzeari. Irribarreak Katalunia osoan" adieraziz amaitu da Òmniumeko presidentearen idatzia.
Azkenik, abenduaren 7an Bruselan antolatu duten manifestazioan parte hartzera deitu ditu hiritarrak Agusti Alcoberro ANCko presidenteordeak, kataluniarrek Katalunian "erabateko demokrazia" lortzeko duten asmoa erakusteko.
Ortuzarrek "Kataluniarekin hitz egitea" eskatu du, irtenbidea elkarrizketa eta demokrazia izan daitezela
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak manifestazioan esan duenez, gaur egun "Kataluniarekin hitz egitea" da "erantzun onena". Izan ere, gatazka hau konpontzeko "elkarrizketa eta demokrazia" behar dira, eta ez "epaiketak eta espetxeratzeak".
Ortuzarrek "elkartasuna" erakutsi dio Kataluniako gizarteari, "etorkizuna demokratikoki erabakitzea" baino ez baitu eskatzen.
"Ez zaigu bidezkoa iruditzen", esan du, "politika epaitegietara eramatea". Horrez gain, EAJk 155. artikuluaren ezarpena baztertzen duela azpimarratu du.
Maddalen Iriarte: "Erabakitzeko eskubidea Euskal Herrira eramango dugu"
Maddalen Iriarte EH Biduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak ere hartu du parte gaur arratsaldeko manifestazioan. "Hunkituta" daudela aipatu du, "hemen gaur bildutako milaka pertsonekin preso politikoen askatasuna aldarrikatzeko bildu garelako", azaldu du. Bestalde, "EH Bildu erabakitzeko eskubidearen aldarri hori Euskal Herrira eramateko prest" agertu da.
ERCk manifestazioko askatasun deiadarra hautetsontzietara eramateko deia egin du
Roger Torrent Junts Pel Sí koalizioko diputatu eta ERCko kidearen arabera, gaurko "askatasun aldarria" abenduaren 21ean hautetsontzietara eraman behar da. Manifestazioa baino lehen adierazi duenez, "preso politikoak bakarrik ez daudela" agerian geratuko da gaur Bartzelonako kaleetan".