Hauteskundeak Katalunian
'Gehiengo isilaren ahotsa boto bihurtzea' eskatu du Rajoyk Katalunian
Agentziak | Erredakzioa
Xabier Garcia Albiolen hautagaitza aurkezteko ekitaldian izan da Rajoy. PPCko buruak "eskerrak" eman dizkio 155. artikulua ezartzeagatik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak igande honetan eskatu du abenduaren 21eko Kataluniako hauteskundeetan "gehiengo isilaren ahotsa boto bihurtzea". 155. artikulua aplikatu ostean Kataluniara egindako lehen bisita egin ditu adierazpenak Rajoyk, Xabier Garcia Albiolen hautagaitza aurkezteko ekitaldian. Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiarekin batera izan da Rajoy Katalunian.
Rajoyk azpimarratu duenez, "aukera guztiak agortu ostean" erabaki zuen Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzea; "bere buruarekiko errespetua duen gure inguruko beste edozein herrialdek ere hala egingo zuen ", gaineratu du. Horri lotuta, esan du "independentisten burugabekeria" gelditzeko neurria izan zela. "Askatasunarekiko eta elkarbizitzarekiko errespetua berreskuratu beharra zegoen, eta premiazkoa zen autogobernua eta interes orokorra berrezartzea", adierazi du.
Independentziaren aldekoei, Rajoyk ohartarazi die ez dutela PPC "isilaraztea lortuko", eta esan du Kataluniako Alderdi Popularrak ahotsa jartzen diola "Katalunia ausartari". Azpimarratu du une zailetan bere alderdia ez dela inoiz ezkutatzen, eta García Albioli esan dio "beti" egongo dela bere "alboan". Hala, Rajoyk konpromisoa agertu dio Garcia Albioli PPren hauteskunde kanpainarekiko, eta esan dio bertan izango dela "8an, aurretik eta ondoren".
Garcia Albiolek eskerrak eman dizkio Rajoyri 155. artikulua aplikatzeagatik
Xavier Garcia Albiolek, bestalde, "eskerrak" eman dizkio Mariano Rajoyri Katalunian 155. artikulua aplikatzeagatik eta Carles Puigdemont kargutik kentzeagatik. "Eskerrak eman nahi dizkizut 155. artikulua aplikatzeagatik, Puigdemont, Junqueras eta Gobernu osoa kargutik kentzeagatik eta independentistei askan emateko munduan sakabanatutako enbaxada eta txiringitoak ixteagatik", esan du Garcia Albiolek, txalo zaparrada artean. Horri loturta, konpromisoa hartu du A-21etik aurrera Katalunia "gainbeheratik" ateratzeko.
PPCko buruaren hitzetan, preso politiko izendapena erabiltzea "iraina" da "Kataluniarentzat eta Espainiarentzat", eta "gezurra" dela esan du. "Ez dira ideiak jazartzen, delituak egiten dituztenak baino", gaineratu du.