Itxi

Katalunia

Puigdemont, 'Espainiarekin beste harreman baten errealitatea onartzeko prest'

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

'Le Soir' egunkariari eskainitako elkarrizketa batean azpimarratu duenez, akordiorako prest dago, eta "oraindik posible da" irtenbide bat topatzea.

Puigdemont, Bruselan egindako agerraldietako batean. EFE

Carles Puigdemont presidenteak nabarmendu duenez, "beti" egon da prest Espainiarekin beste mota bateko harremana izateko, eta garaiz daude oraindik independentzia ez den beste irtenbide bat topatzeko, gaineratu du.

"Prest nago, beti egon naizen moduan, Espainiarekin beste harreman baten errealitatea onartzeko", adierazi du Le Soir Belgikako egunkariari eskainitako elkarrizketa batean.

Puigdemonten iritzian, "oraindik posible da" Kataluniaren independentzia ez den beste irtenbide bat topatzea, eta hainbat hamarkadatan horren alde egin duela azaldu du. Dena den, Aznar boterera iritsi zenean "bide hori zapuztu egin zen", gaineratu du; izan ere, politikari katalanaren ustez, PP da auzia muturrera joan izanaren erantzuleetako bat, eta gatazka 2010ean piztu zela gogorarazi du, Kataluniako eta Espainiako ganberek onartutako autonomia estatutua baliogabetu zutenean.

Horren ildoan, galdera bat egin dio kazetariari: "Badakizu zenbat diputatu independentista zeuden Kataluniako Parlamentuan 2010ean? 135etik 14. Orain, 72 dira. Alderdi Popularrak bultzatu du independentziaren aldeko mugimendua", azaldu du.

"Independentzia ala hil" binomioa defendatzen ote duen itaunduta, "inoiz ez", erantzun du Puigdemontek, eta beti akordioa bilatzearen aldekoa izan dela berretsi du.

Dastisen erantzuna

Puigdemonten elkarrizketaren inguruan galdetu diote Alfonso Dastis Espainiako Atzerri eta Kooperazio ministroari Bruselan, Europar Batasuneko Atzerri ministroen bilera hasi aurretik. Dastisen berbetan, Puigdemontek hautagai izan beharko luke abenduaren 21eko hauteskundeetan, zenbaterainoko babesa duen ikusteko.

"Puigdemont jaunak hauteskundeetara aurkeztu eta duen babesa zenbaterainokoa den ikusi behar du", adierazi du.

"Independentzia ez den irtenbidea abenduaren 21eko hauteskundeak dira", erantsi du ministroak.

Albisteak (4)