KATALUNIA
Puigdemontek egingo du Junts pel Catalunya hautagaitzaren zerrenda
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PDeCAT alderdiak askatasun osoa eman dio zerrenda nork osatu behar duen erabakitzeko. Ostiralera arteko epea dute hautagaitza erregistratzeko.
PDeCAT alderdiaren batzar nazionalak askatasun osoa eman dio Carles Puigdemonti Junts pel Catalunya hautagaitzaren zerrenda nortzuek osatuko duten erabakitzeko.
PDeCAT alderdia 19:00etan bildu da, abenduaren 21eko hauteskundeetara aurkeztu beharreko zerrendari buruz eztabaidatzeko.
Puigdemont Bruselan dagoenez, Marta Pascal koordinatzaileak zuzendu du batzarra. Zerrenda zabala izatea eta, beraz, hautagai independente ugari izatea omen da asmoa eta, besteak beste, Jordi Sanchez ANCko presidentea zerrendan joatea nahiko lukete. Une honetan preso dago Sanchez.
Batzar nazionalak ia aho batez onartu du zerrenda Puigdemontek eta alderdiaren zuzendaritzaren artean osatzea. Ostiralera arteko epea dute horretarako.
Kartzelan dauden kargugabetutako kontseilariak gogoratuz hasi dute bilera, eta askatasunaren aldeko oihuak izan dira.