BEHIN-BEHINEKO ORDEZKAPENA
Luis Navajasek ordezkatuko du oraingoz Maza, Estatuko fiskal nagusi gisa
EITB.EUS
Berak hartuko ditu Kataluniari buruzko erabakiak. 1987 eta 2003 artean, Donostiako fiskal zela, "Navajas txostena" idatzi zuen, segurtasun indarren eta droga-trafikoaren arteko harremanak salatuz.
Jose Manuel Maza Estatuko fiskal nagusia atzo Argentinan, ezustean, hil eta gero, Luis Navajas egun Auzitegi Goreneko fiskalordeak hartuko du, behin-behinean kargu hori.
Behin betiko ordezkaria Erregeak izendatuko du, Gobernuak proposatuta. Aurrez, Botere Judizialeren Kontseilu Orokorrari entzun beharko diote eta Parlamentuko Justizia Batzordeari ere bai, baina bi erakunde horien iritzia ez da loteslea izango.
Hainbat iturrik jakitera eman dutenez, Espainiako Gobernuak ahalik eta azkarren egin nahi du ordezkapena, eta ordezkapen horrekin Kataluniako prozesu independentistaren aurrean estrategia juridiko bera mantentzea bermatu.
Ildo horretan, Navajas fiskala oso kontserbadorea omen da, eta Mazaren irizpide berekoa matxinada kereilari dagokionez. Bere ardura izango da kontseilariek kartzelan jarraitu behar duten edo ez erabakitzea, baita kasua Auzitegi Gorenera bidali behar den edo ez ebaztea ere.
Ibilbidea
Luis Navajas Ramosek 1976ean ekin zion bere karrera fiskalari Almerian eta Badajozen. 1987an, Donostiara etorri zen, eta fiskal nagusi izan zen 2003ra arte, Santiago Pedraz eta Fernando Andreurekin kointzidituz. Egun Auzitegi Nazionalean ari diren epaile horiek Donostiko epaitegian ari ziren garai hartan.
Poliziaren biltegitik droga kopuru handi bat desagertu ondoren, fiskalak "Navajas txostena" deiturikoa egin zuen 1989an, Intxaurrondoko kuarteleko Guardia Zibilen eta droga trafikatzaileen arteko harremanak salatuz. Txostena galdu egin zen eta inor ez zuten zigortu horregatik.
2003an Auzitegi Goreneko zigor aretoko fiskal izendatu zuten, eta Adin Txikikoen Legearen erreformaren aurrean zein Kartzela Zaintzan fiskaltzak izan beharreko papera koordinatu zuen, besteak beste. 2014an Auztegi Goreneko fiskalorde izendatu zuten.