Katalunia
Gorenak Generalitatearen eta ANC eta Omniumeko liderren aurkako auzia hartuko du
Agentziak | Erredakzioa
Orain arte, Auzitegi Nazionalaren gain zegoen ikerketa. Hemendik aurrera, azken horrek Esquadra Mossoen gaineko ikerketarekin jarraituko du; tartean, Trapero aurreko nagusiaren auziaz arduratuko da.
Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak erabaki du bere gain hartzea Carles Puigdemonten, kargugabetutako kontseilarien eta ANC eta Omniumeko liderren aurka Auzitegi Nazionalean irekita zegoen auzia. Horiei guztiei prozesu independentistan balizko sedizio-delitua, matxinada eta dirua bidegabe erabiltzea egozten zaizkie, iturri juridikoek jakitera eman dutenez.
Llarenak gaur hartu du erabakia, eta, ondorioz, Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak, hemendik aurrera, jarraituko du ikertzen Esquadra Mossoak, Josep Lluis Trapero aurreko nagusia barne (Bartzelonan irailaren 20an eta 21ean izandako istiluengatik), bai eta Kataluniako Gobernuko maila baxuagoko beste kide batzuk, baldin eta etorkizunean azken horietako baten bat ikertuko badute.
Auto batean, Llarena epaileak ebazten du, beraz, auziak zatituta jarraitzea; Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak eta Fiskaltzak nahiago zuten, berriz, auziak ikerketa bakar batean egon zitezen. Salbuespen bakarra zen, azken horien iritziz, forudunak ez zirenak; horien aurkako auziak Auzitegi Nazionalean jarraitzea proposatzen zuten.
Llarenaren iritziz, Lamelak orain arte bere gain izan duen ikerketak, kargugabetutako Kataluniako Gobernuaren eta ANC eta Omniumeko liderren aurkakoak hain zuzen, lotura du Gorenean Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentearen eta bertako Mahaiko kideen aurka irekita duenarekin (azken horietako guztiak forudunak dira, bat izan ezik).
Auzitegi Goreneko epailearen ustez, diputatuen, Kataluniako Gobernuaren eta Sanchez eta Cuixarten ikerketek "esku-hartze koordinatua" galdegiten dute; izan ere, koordinazio horrek eman liezazkioke argudioak ustezko matxinada-delituagatik (Sanchezi eta Cuixarti, oraingoz behintzat, ez diete hori egotzi).
ANC eta Omniumeko liderrak ere ikertuko ditu Gorenak
Epaileak eskatzen dio Lamelari auziaren zati bat, hortaz; hain zuzen ere, kargugabetutako Gobernuari eta Sanchez eta Cuixarti dagokiena. Berak diputatuen aurka irekita duenari erantsiko dio.
Llarenaren esanetan, Gorenak zehazten du forudunak ez direnak kasu batean bakarrik ikertuko dituela: "Forudunen ikertutako auziekin zatiezina den harremana dagoenean". Oraintxe gertatzen da hori, epailearen iritziz.
Prozedura bateratzearen xedea da "tramitazioa erraztea, eta auzia zatiezina izateak dakartzan arazoei konponbidea ematea".
Llarenak zehazten duenez, ikertzen diren delituetako bat matxinada da, eta hori egoteko "hainbat lagun" egon behar dira tartean; horrek frogatuko luke beharrezkoa dela guztiak batera epaitzea.
Dena den, epaileak erabaki du Auzitegi Nazionalak ikerketaren zati batekin jarraitzea; Llarenak uste duenez, Mossoei dagokienez "ez dago lotura zatiezin hori".
Hala, epaileak bi jardun nabarmendu ditu: alde batetik, Kataluniako Gobernuarena eta ANC eta Omniumeko presidenteena, "horien guztien arteko koordinazioak bakarrik azaldu ahal baitu matxinada-delitua izatea"; eta, beste alde batetik, Mossoena eta hainbat lagunek osatutako talde batena, agian legeak sortzeko laguntza eman dutelako, "baina era autonomo batean ikertu ahal dira".
Orain arte, Llarenak eta Lamelak bestelako irizpideak izan dituzte: Lamelak kargugabetutako bederatzi kontseilari bidali zituen kartzelara (Oriol Junqueras, tartean), horiek Auzitegi nazionalean deklaratu eta gero, eta atxiloketa-agindua eman zuen Puigdemonten eta Belgikara ihes egin zuten gainerako kargugabetutako lau kontseilariren aurka; Llarenak, aldiz, fidantzak ezarri zizkien sei diputatuei kartzelatik irteteko.
Honela, Gorenak, hemendik aurrera, 22 lagun ikertuko ditu, eta Auzitegi Nazionalak bi bakarrik. Aukera dago, dena den, azken horrek gehiago ikertzea etorkizunean.