Itxi

RADIO EUSKADI

Zerga-erreforma 'patronalaren esanera' egitea kritikatu dute EH Bilduk eta Podemosek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Josune Gorospe EAJko kideak esan duenez, aurrekontuen inguruko akordioa itxi ez badute ere, negoziazioak bide onetik doaz.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek gogor kritikatu dute euskal fiskalitatea aldatzeko EAJ, PSE-EE eta PP egiten ari diren negoziaketa, orain arte jakitera eman denaren arabera, "Confebasken eskariei men egin" dietela uste baitute, enpresek zerga gutxiago ordaintzea ahalbidetuz.

Radio Euskadiko tertulia batean, aipatutako hiru alderdietako ordezkariek esan dute euskal instituzioei fiskalitate eta aurrekontu arloan egonkortasuna emango dien, jarduera enpresariala bultzatuko duen, eta zerbitzu publikoen finantzaketa ahalbidetuko duen akordio bat lortzeko negoziatzen jarraituko dutela.

Iker Casanova EH Bilduko parlamentarioaren iritziz, baina, negoziaketa hori "trileroen jokoaren emaitza da: EAJk kuboak darabiltza, PPk amua jartzen du eta PSEri adarra jotzen ari zaizkie".

Izan ere, enpresei zergak igotzeko sozialistek hasiera batean planteatu zituzten proposamenak alde batera utzi eta "kontraerreforma" bat onartzea leporatu die Casanovak, eta hala, "sozialistek EAJtik bereizteko zuten azken aukera galduko dute" bere iritziz.

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak ere kritikatu egin du EAJren, PSEren eta PPren artean adostutako erreforma fiskal hori, "zuzenean patronalarengatik datorrelako, eta iraingarria delako zergak ordainduz presio fiskalaren zama handiena bere gain hartzen duten euskal herritarrentzako".

Dena dela, Josune Gorospe EAJko kideak zehaztu duenez, fiskalitatearen inguruko negoziaketa honen azken helburua, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu dituen aurrekontuak aurrera ateratzeko PPren babesa lortzea da.

"Aldaketa hauekin, elkarteen gaineko zergak beraktibazio ekonomikoan eragitea nahi dugu, enpresei euren lanean laguntzea, eta hala, aberastasuna eta lana sortzea" gaineratu du Gorospek: "eta horrekin batera, politika publikoak eta zerbitzuak bermatzeko nahikoa baliabide lortzea".

Alexia Castelo PSE-EEko parlamentariak esan duenaren arabera, negoziatzen ari diren aldaketa fiskalari esker enpresek gehiago ordainduko dute "tasa efektiboak igo egingo direlako. Beraz, enpresek zerga gehiago ordainduko dituzte, sozietate zergaren tipo nominalak jaitsi arren".

Anton Damborenea PPko ordezkariak uste du akordioa erdietsiko dela, eta oso positiboa izango dela, gainera: "diru bilketa errekorra egitea ahalbidetuko baitu".

Albisteak (3)

Bideoak (1)