KATALUNIA
Puigdemont estraditatu ala ez erabakitzeko saioa gaur Bruselan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Egun horretan bertan, Auzitegi Gorenak Junqueras, kontseilari kargugabetuak, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart aske utzi ala ez erabaki beharko du. 24:00etan, berriz, A21 hauteskunde kanpaina hasiko da.
Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuak eta Bruselan berarekin diren lau kontseilari ohiek astelehenen gaur agertu beharko dute hango Auzitegiaren aurrean. Lehen Instantziako Auzitegiak bostak Espainiaren esku utzi edo ez erabaki beharko du.
Belgikako Ministerio Publikoak jakitera eman duenez, "ez da posible audientziak zenbat iraungo duen jakitea" eta gerta liteke egun osoan luzatzea. Amaieran, epaileak erabakia jakitera noiz emango duen iragarriko du, data bat publiko eginez, edo beste agerraldi batera deituko ditu.
Auzitegiko iturrien arabera, epaileak "8 edo 10 egun hartu ahal izango ditu" erabaki bat hartzeko. Gero, aldeetakoren batek alegazioren bat aurkezten badu, Alegazio Auzitegira eta Kasazio Auzitegira joan ahal izango du auziak, eta ala, bide horiek hartuz gero, 90 egunera arte luza daiteke prozesua Belgikan.
Auzitegi Gorenak Kataluniako Gobernuko kide kartzelatuen inguruan erabaki beharko du
Bruselan Lluis Puig, Clara Ponsati, Meritxell Serret eta Toni Comin, Puigdemonten abokatu taldea, euren azalpenak ematen hastearekin batera; Madrilen, ordu horretan, Oriol Junquerasekin, Kataluniako kontseilari oihekin eta Jordi Sanchez eta Jordi Cuixartekin zer egin iragarriko du Auzitegi Gorenak. Pablo Llarena epaileak libre uztea edo kartzelan mantentzea erabaki beharra dauka.
Consuelo Madrigal eta Jaime Moreno fiskalak hamar auzipetuak aske uztearen kontra agertu dira, "ikertutako ekintzen larritasuna" dela eta. Hiru ordu eta erdi iraun zuten galdeketen ostean egin zuen bere eskaria Fiskaltzak.
Honen guztiaren ondoren, 00:00ak aldera hasiko da abenduaren 21eko hauteskunde kanpaina Katalunian, kartelak erantsiz, baina ikusi egin beharko da hasiera "tradizionalari" eusten dioten edo ez.