Itxi

Katalunia

Romeva, Mundo, Rull, Turull, Bassa eta Borras aske gelditu dira, bermea ordainduta

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

100.000 euroko fidantzak ordaindu ostean irten dira Alcala Mecoko eta Estremerako espetxeetatik.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Raül Romeva, Carles Mundo, Josep Rull, Jordi Turull, Dolors Bassa eta Meritxell Borras kargugabetutako Generalitateko kontseilariak aske gelditu dira gaur, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak ezarritako 100.000 euroko bermeak ordainduta. Seiak azaroaren 2tik zeuden kartzelan, Kataluniako prozesu independentistaren harian sedizioa, matxinada eta dirua bidegabe erabiltzea leporatuta.

Dolors Bassa eta Meritxell Borràs kargugabetutako Generalitateko kontseilariak izan dira kartzelatik irteten lehenak. 15:50ean atera dira bi emakumeak Alcalá Mecoko espetxetik (Madril) eta familiako kideak eta ERCko ordezkariak zituzten espetxearen atarian.

Raül Romeva, Carles Mundo, Josep Rull eta Jordi Turull, ostera, 18:33an atera dira Madrilgo Estremera kartzelatik. Irteeran, senideak, diputatuak, senatariak eta PDeCAT zein ERCko kideak zituzten zain. Laurak abenduaren 21ean Katalunian egingo diren hauteskundeetarako hautagaiak dira; hain zuzen ere, gauerdian hasiko da hauteskunde kanpaina.

Halere, gaur aske gelditu diren sei kontseilari kargugabetuak astero aurkeztu beharko dira Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenean edo eurek erabakitako epaitegi edo auzitegian, eta herrialdetik irteteko debekua izango dute, pasaportea entregatzeko beharrarekin.

Bien bitartean, epaileak erabaki du Oriol Junqueras Generalitatearen presidenteorde kargugabetua, Joaquin Forn kargugabetutako Barne kontseilaria eta ANC zein Omnium Cultural elkarteetako buruak (Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart) espetxean mantentzea.

20:00etan elkarretaratzeak deitu dituzte udaletxe atarietan

Kataluniako Asanblea Nazionalak (ANC) eta Omnium Cultural erakundeek deituta, kontzentrazioak egingo dituzte 20:00etatik aurrera Kataluniako udaletxeen atarietan. Bilkura horietan, kargugabetutako sei kontseilariren askatasuna ospatuko dute eta kartzelan jarraitzen duten lau kideren egoera salatuko dute.

Marcel Padros ANCko diruzainak iragarri duenez, sei kontseilari kargugabeturen irteera ospatzeko eta Junqueras, Forn, Sànchez eta Cuixart espetxean mantentzeko erabakiaren kontra protesta egiteko baliatuko dituzte bilkurak.

 

Albisteak (3)

Bideoak (3)