Katalunia
Puigdemontek herritarren babesa eskatu du Kataluniara itzultzeko
agentziak | erredakzioa
Azpimarratu du "Kataluniako presidente" dela, "lehenbailehen" itzuli nahi duela, baina horretarako jendearen botoak behar dituela.
Carles Puigdemont presidenteak Ciudadanosi, PSCri eta PPri, "155aren hirukoari", aholkatu die ahazteko "kataluniarren irizpidearen kontra agintzeko fantasia", eta espetxetik atera berri diren kontseilarien "duintasuna" txalotu du.
Puigdemontek bideokonferentzia egin du Bruselatik Junts per Catalunyak Reusen egin duen kanpainako ekitaldian, abenduaren 21eko hauteskundeetako kanpainaren lehen egunean.
Ekitaldiko beste protagonista batzuk Jordi Turull eta Josep Rull espetxetik atera berri diren kontseilari eta JxCat-en hautagaiak izan dira. Horiek bigarren lerroan eseri dira, eta lehenengoa hutsik utzi dute, preso edo Belgikan dauden hautagaiekiko errespetuz: Puigdemont bera, Jordi Sanchez, Clara Ponsati, Joaquim Forn eta Lluis Puig.
Puigdemontek azpimarratu du "Kataluniako presidente" dela, "lehenbailehen" itzuli nahi duela, baina horretarako jendearen botoak behar dituela.
Bera atxilotzeko euro-agindua bertan behera geratu ostean etorri da Puigdemonten agerraldia, eta Paul Bekaert abokatuak aurreratu du Puigdemontek ez duela oraingoz Kataluniara itzultzeko asmorik.
Puigdemont gustura agertu da kontseilariak espetxetik atera direlako, baina Oriol Junquerasen, Jordi Sanchezen eta Jordi Cuixarten aurkako "eskarnioa" salatu du, "preso jarraitzen dutelako, modu lotsagarrian". "Elkarrizketan baino, indarra errepresioan jartzen duen sistema politiko batean gaude", gaineratu du.