Itxi

Idazkari nagusi berria

Ostegun honetan hasiko dira bozketak Podemos Euskadiren primarioetan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Abenduaren 7tik aurrera, Podemos Euskadiko kideek boto telematikoa eman ahal izango dute; bozketa hilaren 13an amaituko da, asteazkenarekin, eta abenduaren 15ean emango dute emaitzen berri.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Podemos Euskadiko kideek gaurtik, abenduaren 7tik, aurrera izango dute hauteskunde primarioetan botoa emateko aukera, idazkari nagusi berria eta Hiritar Kontseilurako 34 kideak (Berme Batzordeko kideak ere hautatuko dituzte) hautatzeko. Gaurtik aurrera, boto telematikoa eman ahalko dute.

Kideek hilaren 13ra arte eman ahal izango dute botoa interneten bidez, eta aurrez aurreko botoa ere eman ahal izango dute, alderdiaren egoitzetan, hilaren 10ean, 11n eta 12an. Abenduaren 15ean emango dute emaitzen berri.

2015etik hona, hirugarren aldiz daude deituta primarioetara Podemos Euskadiko kideak; izan ere, urte hartan Roberto Uriartek irabazi zuen, eta 2016an, Nagua Albak. Albak aurtengo abuztuan eman zuen primarioak aurreratzeko erabakiaren berri (2019ko udaberrian ziren egitekoak), eta ez zela hautagai izango jakinarazi zuen.

Sei hautagai

Podemos Euskadiko primarioetan, sei hautagai daude alderdiko idazkari nagusia izateko, bai eta sei zerrenda ere, Hiritar Kontseiluko 34 postuetarako.

Aukera handienak hiru korronte nagusietako hautagaiek dituzte; egungo zuzendaritzako kide den Lander Martinezek, Pablo Iglesiasen aldeko sektore kritikoko Maria Valientek eta "kapitalismoaren aurkakoa" den Neskutz Rodriguezek, hain zuzen.

Orain arteko idazkari nagusiak, Nagua Albak, Martinezen hautagaitza babestu du, eta Elkarrekin Podemosek Legebiltzarrean duen taldeko hainbat kide Martinez buru duen zerrendan daude.

Valiente, aldiz, Pablo Iglesiasekin lotura duen sektorearen ordezkaria da; Podemosek Madrilen egindako Estatu mailako azken batzarrean garaile atera zen sektorearena. Besteak beste, Pilar Garrido eta David Soto kargudun publikoek babestu dute hautagaitza hori.

Rodriguezek kapitalismoaren aurkako hautagaia izateari eutsi dio; korronte horrek ez du gehiengoa Espainiako Podemosen, baina etengabeko presentzia du bertan.

Horiez gain, Rafael Garde Vicinay arabarra ere aurkeztu da, Sí Se Puede zerrendan (ez dago kargudun publikorik hautagaitza horretan), bai eta Manuel Garcia Alfaro eta Asun Merinero batzarkidea ere; azken bi horiek bizkaitarrak eta independenteak dira.

Hiritar Kontseilua

Hiritar Kontseilurako 34 postuetarako, sektore ofizialaren aldekoek eta kritikoek aurkeztu dituzte zerrenda osoak; kapitalismoaren aurkakoek, berriz, 22 hautagai proposatu dituzte.

Sektore ofizialean, besteak beste, Cristina Macazaga, Sergio Campos, Tinixara Guanche, Eukene Arana eta Andeka Larrea daude; Pablo Iglesiasen aldekoen hautagaitzan, aldiz, Miren Gorrotxategi, Josetxo Arrieta, Jose Manuel de Pablos eta Garbiñe Ruiz Noriega sartu dira.

Sí Se Puede zerrendak 12 hautagai ditu, eta 10 independente daude bertan. Besteak beste, Luis Alejos dago zerrenda horretan; bere garaian Roberto Uriarteren bigarrena izan zena.

Aniztasuna taldeak ez du idazkaritza nagusirako hautagairik aurkeztu, baina bai Hiritar Kontseilurako 12 hautagai; izan ere, Aniztasunak aurre egin nahi die "botere-borroka baten isla diren hautagaitza oso ideologizatuei".

Albisteak (5)

Bideoak (1)