Itxi

Hauteskunde-kanpaina Katalunia

Puigdemont: 'Frankismoak mendean hartu ez zuena, 155eko fronteak ere ez du egingo'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Hauteskunde-kanpainaren ekitaldi nagusiak izan dira asteburu honetan, eta euren boza erabakita ez duten herritarrei bereziki ari dira mezuak zuzentzen.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Carles Puigdemont kargugabetutako Kataluniako presidenteak gaur adierazi duenez, "155eko frontea osatzen dutenak (Ciudadanos, PSC eta PPC) lotsa-lotsa eginda egon behar lirateke, Kataluniako eskolaren inguruan zabaldu dituzten gezurrak direla-eta". Gainera, ohartarazi duenez, "Frankismoak ez zuen eskola katalana mendean hartu, 155eko fronteak ere ez du lortuko".

Junts per Catalunya alderdiaren zerrendaburuak Bruselatik bideokonferentzia bidez parte hartu du larunbat honetan Bartzelonan izandako hauteskunde-ekitaldi batean.

ERC

Oriol Junqueras ERCko hautagaiak aldarrikatu duenez, abenduaren 21az geroztik Kataluniak dituen erronkei aurre egiteko hobekien prestatuta dagoen alderdia ERC bera da. "Doilorkeria geldituko dutenak gara, ez dugu zapalgailurik onartuko", azpimarratu du.

Joan Tardà eta Gabriel Rufian ERCko diputatuek irakurritako eskutitz baten bidez mintzatu da Junqueras, Bartzelonako Merkataritza plazan izandako hauteskunde-ekitaldi batean, hain zuzen ere.

Catalunya En Comú Podem

Ezkerreko gehiengo progresista ordezkatzen duen eta bozen "% 50 baino gehiago biltzen duen" alternatiba bakarra Katalunian Catalunya En Comú Podem dela esan du larunbat honetan CatECPren hautagai den Xavier Domènechek.

Bartzelonako Nou Barrisen izandako ekitaldian 2.000 lagun baino gehiago bildu dira, eta bertan Domènechek adierazi duenez, "Jose Maria Aznarren blokeak" (Ciudadanos, PP, PSC) ezin du gehiengo lortu, beraz, bi aukera baino ez daude: blokeora daraman bide independentistari eustea ala gehiengo progresistari boza ematea.

PSC

Miquel Iceta PSCren hautagaiak esan duenez, Kataluniarako irtenbidea "ez da PP alderdia, ezta bere laguna Ciudadanos". Hori dela eta, aukera bakarra, Icetaren esanetan, ezkerreko bozak PSCn biltzea da. Terrasan izandako ekitaldian mintzatu da Iceta, Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusia ondoan izan duela.

Ciudadanos

Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak "Kataluniako 'Brexita'a" errefusatu du, eta Erresuma Batuan jazotakoa txerto gisa hartzeko proposatu du, horrelakorik berriro gerta ez dadin.

PP

Xavier Garcia Albiol PPren zerrendaburuak Gironan egindako hauteskunde-ekitaldi batean ohartarazi duenez, "hauteskunde-legearen ondorioz, Ciudadanosi botoa emateak diputatu bat galtzea ekar dezake, eta horrek CUPek irabaztea eragin".

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)