Itxi

Katalunia

Artur Mas, Marta Rovira eta Anna Gabriel ikertuko dituzte, matxinatzea egotzita

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailearen arabera, hiru pertsona horiek eta beste hiruk Kataluniaren independentzia aldarrikatzeko batzorde estrategikoan parte hartu zuten.

Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak Kataluniako independentzia prozesuaren barruan ustezko matxinada delitu baten kariaz egiten ari den ikerketa zabaltzea erabaki du, eta, besteak beste, Artur Mas Kataluniako presidente ohia, Marta Rovira ERCko idazkari nagusia eta Anna Gabriel Parlamentuan CUPen bozeramaile izandakoa sartu ditu horren baitan.

Gorenak argitara ateratako autoan, halaber, ikertu gisa agertzen dira Mireia Boya CUPeko talde parlamentarioko presidentea, Marta Pascal PDeCATeko koordinatzaile nagusia eta Neus Lloveras AMI Independentziaren aldeko Udalerrien presidentea.

Epailearen arabera, pertsona horiek guztiek Kataluniaren independentzia aldarrikatzeko batzorde estrategikoan parte hartu zuten, eta hala jasota agertzen da “Enfocats” prozesuaren ildoak zehazten dituen bide orrian, Josep Maria Jove Oriol Junquerasen ondokoaren etxean atzeman zuten horretan. Jove kartzelan dago azaroaren 2tik, auzi horrekin lotuta.

"Beste elementu batzuk"

Epaileak autoan ezarritakoaren arabera, “Enfocats” dokumentuan pertsona horien inguruan agertzen diren aipamenak ez ezik, “badaude beste elementu batzuk ere idatzian esaten dena berresteko”.

Batetik, Llarenak adierazi du sei pertsona horiek hainbat batzarretan parte hartu zutela, “ikergai den hauste prozesua sortu eta antolatzeko, Josep Maria Jove Lladoren etxean egindako miaketan aurkitu zuten agendan jasotzen denez”.

Halaber, Llarenak erantsi du dirudienez ikertu hauek guztiek parte-hartze “nagusia” izan dutela prozesuan “berori burutu zuen ekinbide parlamentarioa gauzatu ahal izateko babes politikoa eman baitzuten, Guardia Zibilak egindako agirian zehatz-mehatz azaltzen denez”.

Trapero eta Jove auzipetu nahi ditu Fiskaltzak

Bestalde, Auzitegi Goreneko Fiskaltzak Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen buruzagi ohia eta Josep Maria Jove Generalitateko Ekonomia idazkari nagusi ohia, matxinada delitua egotzita, auzipetzeko eskatu dio Pablo Llarena epaileari.

Jove eta Trapero auzian ikertzea “guztiz saihestezina” dela azaldu dio fiskalak magistratuari idatzian.

Joveri dagokionez, Guardia Zibilak Moleskine agenda bat atzeman zuen bere etxean, bertan Kataluniako independentzia planifikatzeko bileretan parte hartu zuten 40 pertsona baino gehiagoren izenak agertzen ziren.

Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak irailaren 20an eta 21ean, Bartzelonan, gertatutakoagatik irekitako auzian sedizioagatik ikertzen ari diren bakarra da Josep Lluis Trapero.

Albisteak (2)