Kataluniako hauteskundeak
Urkullu: 'Katalunian arazo politikoa dagoela onartu behar du Espainiako Estatuak'
Agentziak | Erredakzioa
Lehendakariaren hitzetan, Kataluniak irtenbide politikoak behar ditu, ez judizialak.
Iñigo Urkullu lehendakariak Kataluniako hauteskundeen emaitzen harira ostiral honetan esan duenez, bada garaia Espainiako Estatuak Katalunian "arazo politikoa" dagoela eta "irtenbide politikoak eta ez juridikoak" behar dituela onartzeko.
Lehendakariaren hitzetan, hauteskundeetan izandako "parte-hartze handiak" argi uzten du 2012tik hauteskundeetan errepikatzen den "errealitatea". Horren ildora, "errealismoz" jokatzeko eskatu du, Katalunian identitate eta sentimendu ezberdinak baitaude, eta, hortaz, elkarrizketa beharrezkoa da akordioak erdiesteko.
Bestalde, atzo Katalunian gertatutakoak "bide politikoen eta ez judizialen beharra" erakutsi dio Estatuari, horren ustez, eta, ondorioz, "aldebikotasunaren beharra" azpimarratu du.
Carles Puigdemont presidente legitimoa izateko aukeraz galdetuta, "bakoitzak bere interpretazioa eta irakurketa egin behar du", esan du Urkulluk.