Presoak
ETAren eta GALen hainbat biktimek Sareren manifestazioarekin bat egin dute
Agentziak | Erredakzioa
Ane Muguruzak, Edurne Brouardek eta Rosa Roderok martxari babesa emateko manifestu bat irakurri dute. Presoen aldeko manifestazioa urtarrilaren 13an egingo dute Bilbon.
“Beharrezko bizikidetza lortzeko ez bada” euren atsekabea “ez erabiltzeko” eskatu dute gaur ETAren eta GALen biktimek. Bestalde, “presoen sakabanaketak, gaixo larrien espetxealdiak eta biziarteko kartzela-zigor estaliak ahalbidetzen dituen salbuespenezko legediak sortzen dituen sufrimendu guztiekin bukatzeko oztopoak gainditzea”, eskatu dute. Horrela, Sare herritarrari babesa eman diote.
Ane Muguruzak, eskuin muturreko talde batek 1989an, Madrilen, hil zuen Josu Muguruza Herri Batasunako diputatuaren alabak; Edurne Brouardek, GALek duela 30 urte hildako Santiago Brouard Herri Batasunako buruzagiaren alabak; eta Rosa Roderok, ETAk 1993an hildako Joseba Goikoetxea Ertzaintzako sarjentuaren alargunak, presoen aldeko urteroko martxari babesa emateko manifestu bat irakurri dute. Paul Rios Elkarriko koordinatzaile ohiak lagundu ditu agerraldian. Manifestazioa urtarrilaren 13an egingo dute Bilbon, 'Prest gaude' lelopean.
Ane Muguruzak euskaraz eta Rosa Roderok gaztelaniaz testua irakurri dute. Sare herritarraren deialdia “pertsonalki” babesten dutela azaldu dute. “Ideologiak eta atxikitze politikoak bazterrean utzita, urtarrilaren 13an eskuak lotu eta Bilboko kaleetatik guztiak batera ibiltzea” eskatu diote gizarteari, “bakea, giza eskubideak, elkarbizitza eta konponbidea aldarrikatzeko”.
“Gure herriak jasan dituen indarkeria ezberdinetako biktimak gara. Lehen pertsonan bizi izan dugu, eta horregatik, ez dugu nahi beste inork guk nozitutakoa berriz pairatzea”, esan dute.
“Inork ez diezaiola gure atsekabeari ahotsik jarri”
“Gure izenean edo indarkeriak eragindako sufrimendu ikaragarriaren izenean, inork ez diezaiola gure atsekabeari ahotsik jarri, gure herrian ehunka lagunek jasan duten borroka eta sufrimendu hori areagotzeko edo luzatzeko asmoz; nahigabe hori gurea delako eta beharrezko bizikidetza lortzeko ez baldin bada, erabiltzen jarraitzea ez dugu nahi”, ohartarazi dute.
“Horregatik, beste urte batez, hemen gaude. Gure izenean preso dauden pertsonen eta senitartekoen eskubideak urratzen jarraitzea ez dugu nahi. Gure atsekabea ez dute arinduko, indarkeria horren eragileek gorrotoan eta legezkotasunik ezan oinarritutako espetxe politika bat sufritzeagatik. Uneren batean gorrotoa gure bizitzetan agertu bazen, gure aldarrikapena hori ez dela ziurtatu dezakegu gaur”, defendatu dute.