Itxi

Guardia zibilei epaiketa

Fiskaltzak 'tortura larriak' egotzi dizkie lau guardia zibili

Erredakzioa

Bestalde, Sarasolak eta Portuk ustez pairatu zituzten torturen inguruko epaiketan, azken horren bizia 'arriskuan' egon zela esan du Donostia Ospitalean artatu zuen medikuak.

Fiskaltzak auzipetuen aurka egindako zigor eskariari eutsi dio gaur: hiru urteko zigorra bi auzipeturi, bikoa beste biri eta hamar egunez uneoro non dauden jakinarazi beharra beste seiei. Epaiaren zain gelditu da.

Atxilotuek jasandako "sufrimendu sakona" eta "antsietatea" kontuan hartuta, epaitutako ekintzak "tortura delitu larria" direla esan du Jaime Goyenak.

Hala ere, Portu eta Sarasola eraman zituzten autoen gidariak eta Intxaurrondon haiek zaintzeaz arduratu ziren guardia zibilak errugabetu egin dituzte, izan ere, "froga faltan" daude, atxilotuak jotzen ari ziren ote zekiten ebazteko.

Epaitutako guardia zibilek atxilotuak "ETAko ustezko kideak izateagatik makurrarazi, zigortu eta beheratzeko asmoz nahita jo" zituztela azpimarratu du fiskalak.

Goyenaren aburuz, akusatuek "ez dute euren deklarazioetan egia esan" eta adituen eta defentsako auzitegiko medikuen txostenek "objektibotasun eta independentzia falta" dute.

Gainera, Donostiako auzitegiko medikuek egindakoak ez bezala, txosten horiek argazkietan oinarrituta egin dituztela azpimarratu du, eta ez Portu eta Sarasolari egindako osasun azterketak funts hartuta.

Goyenaren ustez, atxiloketaren ostean zeuzkaten lesioak ezin dira bultzaden ondorioz sortutakoak izan, guardien "etengabeko eta aldebakarreko eraso-ekintzan eraginez baizik". Honen harira, akusatuek emandako bertsioa "onargarria baino beste edozer gauza da".

Medikuaren deklarazioa

Horrez gain, gaurko saioan Igor Portu Donostia Ospitaleko zainketa berezien unitatean sartzea erabaki zuen medikuak ETAko kidea "oso larri" zegoela eta haren bizia "arriskuan" eogn zela ziurtatu du.

Medikuak Gipuzkoako Lurralde Auzitegian deklaratu du gaur, Igor Portu eta Mattin Sarasola ETAko kideak torturatzea egotzita 15 guardia zibilen aurka egiten ari diren epaiketaren laugarren saioan.

Horren ildotik, Donostia Ospitaleko zainketa berezien arduradunak azaldu du Portuk pleura-barrunbean pneumotorax bat eta airea zituela. Zauriak "oso larriak" ziren, eta, "tratamendu barik" zeudenez, haren bizia "arriskuan" zegoen.

Doktoreak gogorarazi duenez, atxilotuta zegoela eta zauriak guardia zibilek ostikoka eta ukabilka egin zizkiotela esan zion Portuk.

Absoluzioa eskatu dute

Auzipetutako guardia zibilen defentsak polizien absoluzioa eskatu du arratsaldeko saioan. Akusatuen aurkako behin betiko frogarik ez dagoela nabarmendu dute abokatuek, eta Portu eta Sarasolaren kontakizunean kontraesan ugari daudela azpimarratu dute.

Defentsak azpimarratu duenez Donostiako Lurralde Auzitegiak kasu honetan egin duen instrukzioa "aldebakarrekoa" izan da eta soilik akusatuen kontrako frogak bilatu dira.

2008an atxilotu zituzten

Portu eta Sarasola 2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituzten, Arrasaten (Gipuzkoa), Barajaseko atentatuan parte hartu izana egotzita. Atentatu horretan bi pertsona hil ziren, eta ETAren aurreko su-etenaren amaiera ekarri zuen.

Aurten, Auzitegi Nazionalak 1.040na urteko espetxe zigorrak ezarri dizkie.

 

Albisteak (5)