MAKROEPAIKETA
Miren Azkaratek epaiketan deklaratzea eskatu du defentsako abokatu batek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Azkarate Kultura sailburu izan zenean ustezko ustelkeria sarearekin sinatutako kontratu batzuen harira eskatu du Francisco Javier Sanchez Roblesen abokatuak sailburu ohia deklaratzera deitzea.
"De Miguel auzia" argitzeko epaiketaren bigarren saioa egin da asteartean Arabako Lurralde Auzitegian. Auzipetuen defentsek hitz egin dute, eta astelehenean bezala, auzia bertan behera uzteko eskatu dute, Fiskaltzaren instrukzioa irregulartasunez beteta dagoela argudiatuta.
26 pertsona daude auzipetuta, eta horietako hamabiren abokatuek hitz egin zuten astelehenean. Asteartean, gainerakoak aritu dira; Gurutz Larrañaga 2003 eta 2009 bitartean Kultura eta Gazteria sailburuorde izan zenaren abokatua tartean.
Larrañagaren defentsak ere fiskalaren instrukzio fase osoa baliogabe uztea eskatu du. Fiskalak 17 urteko espetxe zigorra eskatu du Kultura sailburuorde izandakoarentzat, Gazteria Sailaren ardura izan zuen garaian ustezko ustelkeria sarearekin lotutako enpresekin izenpetu zituen hainbat kontratu direla eta. Haren abokatuak ziurtatu duenez, baina, ez dago Larrañaga errudun jotzeko froga bakar bat ere.
Instrukzio fasean 20 kontraturen harira galdekatu zuten Larrañaga, eta abokatuaren hitzetan, kontratu horiek guztiek "azalpen argi bat" zuten.
Francisco Javier Sanchez Robles (garai hartan Gazteria zuzendaria izan zena) ere, auzipetuen aulkian dago eserita. Horrentzat 18 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak, bere kargua ustezko ustelkeria sareko enpresei mesedeak egiteko erabili zuelakoan.
Sanchez Roblesen abokatuak ukatu egin ditu salaketa guztiak, eta Miren Azkarate Kultura sailburu izandakoak ere epaiketan deklaratzea eskatu du alegazioen txandan, kargu horretan egon zenean izenpetutako hainbat kontraturen inguruko azalpenak eman ditzan.
Defentsako abokatu guztien esanetan, instrukzio fasean "irregulartasunak" eta "hutsune nabarmenak" egon dira. Besteak beste, akusatuen ordenagailuak baimenik gabe miatu izana salatu dute.
Aretoak onartu egin ditu fiskalak asteartean eskatu zituen froga berriak.
Hurrengo saioa, ostegunean, urtarrilaren 11n, egingo dute.