Itxi

Katalunia

Txosten batek dio Kataluniako Parlamentuan ezin dela inbestidura telematikorik egin

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Espainiako Gobernuaren txostena da; egileek diotenez, Kataluniako Ganberaren Araudiak ez du balekotzat jotzen aukera hori.

Carles Puigdemont, artxiboko irudian, Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EiTB.

Baliteke egun Bruselan dagoen Carles Puigdemontek modu telematikoan aurkeztu nahi izatea Kataluniako Parlamentuko inbestidura-saiora; hori dela eta, Espainiako Gobernuak Ganbera horretako Araudiak aztertu du, eta ondorioztatu du, txosten batek adierazten duenez, ez dagoela bertan inbestidura telematikorik egiterik; izan ere, Araudiak ez du balekotzat jotzen aukera hori.

Espainiako Gobernuak txostena egin du, inbestidura-saioan parte hartzeko moduari buruzkoa, eta, horretarako, sakonki aztertu ditu hainbat araudi. Batez ere, Kataluniako Parlamentuaren Araudian oinarritu da; horretan, 146.1 artikuluan, eskatzen du Presidentetzarako hautagaiak bere gobernu-programa aurkeztea eta bilkuraren onarpena eskatzea.

Araudiak, aldiz, ez du aurreikusita parte hartzea bertan ez egonda; ez dago, berez, horrela egiterik, aurkezpen-ekitaldia oso pertsonala baita. Kataluniako Parlamentuaren Araudiko 4.1 artikuluak ezartzen du parlamentarioek bertara joateko beharra dutela.

Parlamentuak aukera du eskatzeko Gobernuko kideak joan daitezela

Horrez gain, txostenak (Efek aztertzeko aukera izan du) adierazten du Kataluniako Autonomia Estatutuak ezarrita duela, 73.2 artikuluan, Parlamentuak Gobernuaren eta horren kide guztien presentzia eskatu ahal duela, saioan eta batzordeetan, Araudiak zehazten dituen baldintzetan.

Gobernuko kideak Parlamentura joateko beharra dutenez, horixe izan beharko luke Generalitateko Presidentetzarako hautagaiak kontuan izateko moduko irizpideetako bat; hortaz, ulertezina da, Espainiako Gobernuaren iritziz, ez egotea Ganberan horren inbestidura eskatzen duen unean.

Parlamentuan eztabaida presentzialak egotea horren funtsean bertan dago; izan ere, Autonomia Erkidegoko hiritarren ordezkarien arteko eztabaida- eta iritzien trukearen egoitza instituzionala da; "eztabaida eta truke hori gauzatu ahal izateko, kideak toki berean egon behar dira, normaltasunez gauzatu dadin".

Inbestidura-eztabaida, gainera, oso garrantzitsua da legealdirako; izan ere, inbestidurarik ez balitz gauzatuko, legealdia amaituko litzakete, Estatutuak zehaztuta duen epean. Txostenak nabarmentzen duenez, eztabaida guztiak egin beharko lirateke parlamentarioak bertan egonda, baina are gehiago ere inbestidura-saioa; hautagaiak bere programa aurkeztu behar du, eta bilkuraren onarpena eskatu, 146. artikuluak dioenez.

Egun indarrean dagoen araudia 2005ean onartu zuten; garai hartan, bazegoen aukera programa modu ez presentzialean aurkezteko, baina ez da kontuan hartzen. Hautagaiak "mintzalekutik edo eserlekutik" hitz egiteko aukera du, hala dago islatuta, eta ematen du debekatuta dagoela, hortaz, beste edozein tokitik hitz egitea.

Botoa beste baten esku uzteko baldintzak

Salbuespen moduan, aukera dago botoa beste baten esku uzteko; baina bakarrik ondorengo egoeretan da posible: amatasun- edo aitatasun-bajan egotekotan, ospitalean egotekotan, gaixotasun larria izatekotan, edo epe luzerako ezgaitasun justifikatuta izatekotan. Ez dago botoa beste inoren esku uzterik konstituzio- edo estatutu-ekitaldietan, "eta inbestidura, zalantzarik gabe, horietako bat da"; horrelakoetan, beharrezkoa da bertan egotea, botoa eman ahal izateko.

Arlo Publikoaren Erregimen Juridikoaren Legearen 9. artikuluan dago adierazita botoa ezin dela beste inoren esku utzi; horren arabera, ez dago aukerarik botoa beste baten esku uzteko ondorengo kasuetan: Estatuko Buruzagitzarekin lotura duten kontuetan, Espainiako Presidentetzarekin lotura dutenetan, Gorte Orokorrekin lotura dutenetan, autonomia-erkidegoetako Gobernu Bileretako presidentetzekin lotutakoetan, eta autonomia-erkidegoetako Asanblada legegileekin lotutakoetan.

Diputatuen Kongresuan, Katalunian eta gainerako autonomia-erkidegoetako Ganberetan, Espainian inbestidurak modu presentzialean egin izan dira; Espainiako Gobernuaren iritziz, ondorioz, ohitura dago, ikuspegi konstituzional batetik edo parlamentario batetik, horrela egiteko.

Parlament bera egongo litzateke zalantzan

Txostenak nabarmentzen duenez, Gobernu-programa Parlamentuan ez egonda defendatzeko aukerarik egotekotan, zalantzan jarriko litzateke Parlamentua bera, Kataluniako herritarren ordezkaritzaren egoitza gisa ikusita.

"Inbestidura telematikoa baimentzekotan, gainerako saioetan ere (gainera, besteak ez dira inbestidura bezain garrantzitsuak) ez litzateke beharrezkoa izango parte-hartzaileak bertan egotea", ohartarazi du txostenak.

Puigdemont Bruselan egonda inbestituko balute, hainbat arazo sortuko lirateke: adibidez, nola egingo lukeen lan Generalitatek, edo nola gauzatuko litzatekeen Parlamentuko kontrola.

Albisteak (5)