Bizkaia
EAJren aurkako pintadak egin dituzte Bizkaiko hainbat batzokitan
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiko eta Bizkaiko EAJko zuzendaritzek gaur goizaldean jasandako 'erasoak' salatu dituzte.
EAJ alderdiaren aurkako pintadak agertu dira Bizkaiko hainbat batzokitan. "Faxista" deitzeaz gain, "herriaren askatasunaren aurkakoak" direla leporatu diote alderdiari. Hori dela eta, gaur Bilbon egindako manifestazioaren antolatzaileei eta ezker abertzaleari "halako ekintza onartezinak zentsuratzea" eskatu diete jeltzaleek. "Gaur bertan eta publikoki sabotaia horiek ezeztatzea" eskatu dute.
Zornotzako, Arrankudiagako, Arrigorriagako, Ugaoko eta Zorrotzako (Bilbo) batzokiek "jasandako erasoak" salatu dituzte EAJko Euskadiko eta Bizkaiko zuzendaritzek ohar batean.
"Faxista" hitzaz gain, "herriaren askatasunaren aurkakoak" izatea leporatu diote alderdiari pintadetan. Horrez gain, presoen aldeko aldarriak ere agertu dira ('Presoak kalera').
Manifestazioa
"Edozein alderdi politikoren aurka egindako eraso guztiak larriak eta onartezinak izanik, gaurko pintadak are larriagoak dira ezker abertzaleak Bilbon presoen alde antolatutako manifestazioaren egun berean agertu direlako", gaineratu dute EAJko zuzendaritzek.