PINTADAK
Foro soziala batzokietako pintadei buruz: 'Ekintza hauek ez dute batere laguntzen'
EITB.EUS
Foro sozialak mezua zabaldu du Twitterren "konplizitateak ehuten jarraitzeko garaia" dela esanez, "alde askotariko akordioak behar baitira presorik gabeko etorkizuneko elkarbizitzarako".
Larunbat honetan Bizkaiko hainbat batzokitan pintadak agertu ostean, bake prozesua indartzeko asmoa duen Foro Sozialak mezua zabaldu du sare sozialetan ekintza hauek ez dutela "presoen auzia konpontzeko lanean batere laguntzen" esanez.
EAJri faxista deitzeaz gain, "herriaren askatasunaren aurkakoak" izatea leporatzen zieten pintadek. Twitterren zabaldutako mezuan, Foro Sozialak dio "konplizitateak ehuten jarraitzeko garaia" dela, "alde askotariko akordioak behar dira presorik gabeko etorkizuneko elkarbizitzarako".
Este tipo de actos no aportan nada al trabajo por la resolución de la cuestión de las personas presas. Es momento de seguir tejiendo complicidades y acuerdos multilaterales para un futuro de convivencia sin personas presas @EAJ__PNV @Koldomediavilla https://t.co/VbK5HXnKGr
— Foro Soziala (@ForoSoziala) 2018(e)ko urtarrilak 13
Zornotzako, Arrankudiagako, Arrigorriagako, Ugaoko eta Zorrotzako (Bilbo) batzokietan agertu ziren atzo pintadak eta Bilbon presoen eskubideen alde egindako manifestazioaren antolatzaileei eta ezker abertzaleari "halako ekintza onartezinak zentsuratzea" eskatu zieten jeltzaleek.
Sortuk dio EAJk badakiela ezker abertzaleak ez dutela zerikusirik pintadekin
Sortuk oharra igorri du ezker abertzaleak ez daukala "inolako zerikusirik" gertaera hauekin esanez, "gure lan-ildo eta hausnarketa politikotik kanpo daude" eta EAJk "badaki". Horregatik, EAJri berriz ere ezker abertzaleari publikoki "konturik ez eskatzeko" esan dio Sortuk. Arkaitz Rodriguez buru duen alderdiaren iritziz, jeltzaleak "apropos" ari dira gertaera hauek erabiltzen, atzo Bilbon egon ez izana "justifikatzeko".
Pintada horien atzean nor dagoen ez dakiela esan du Sortuk, ez dakiela nork egiten dituen eta ze helbururekin, baina pintada gehienak gaztelaniaz egin izanari "susmagarri" iritzi dio Sortuk.
"Iraganeko inertziak" gogorarazten dituzte pintadek Podemosentzat
Podemos Euskadik esan du larunbatean hainbat batzokitan agertutako pintadek "euskal gizarteak jada gaindituta dauzkan iraganeko inertziak" gogorarazten dituela. Bere Twitter kontu ofizialean esan duenez, "Elkarbizitzatik urruntzen gaituzten ekintza justifikaezinak" eta "euskal gizarteak jada gaindituta dauzkan iraganeko inertziak" gogorarazten dituela.
Bilboko manifestazioaren osteko pintadak eta zikinkeria salatu ditu Aburtok
Juan María Aburto Bilboko alkateak, bestalde, atzo Bilbon sakabanaketaren kontrako manifetazioa izan ostean Alde Zaharrean pintadak, pankartak eta zikinkeria agertu zirela salatu du. "Betikoei" eskatu die "eskubideak errespetatzea eskatzeko, besteen eskubideak errespetatzetik hasteko" eta talde politiko zein eragile sozialei galdegin die "horrela jokatzen dutenak soberan daudela" esateko.