Itxi

Katalunia

Presidentegaia Carles Puigdemont izatea adostu dute JuntsxCatek eta ERCk

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

“Erakundeak lehengoratzeko” egin dutela azaldu dute bi alderdietako talde parlamentarioek.

Carles Puigdemont. Irudia: Agentziak

Generalitateko presidentea Carles Puigdemont izateko akordioa adostu dute JuntsxCat eta ERC alderdien talde parlamentarioak, agiri bateratu batean jakitera eman dutenez.

Horrez gain, Parlamentuko presidentea Roger Torrent (ERC) izatea adostu dute, “erakundeak lehengoratzeko”, bi talde horien esanetan. Inbestidura saioa asteazken honetan egingo dute.

ERCko iturriek zehaztu dutenez, Junts per Catek Generalitateko presidente izateko hautagai bezala proposatu duelako erabaki dute Puigdemonti babesa ematea, baina ez dute argitu akordioak urrutiko inbestidura baten bermerik jasotzen ote duen.

Horrela, independentismoaren bi alderdi nagusiek Mahaia eta Generalitatea zuzentzeko hautagaiak adostu dituzte aldi berean. Hala ere, Puigdemonten inbestidura nola gauzatu ikusi beharko da; izan ere, Belgikan dago oraindik.

Hala eta guztiz ere, lehendabizi Mahaia osatu behar dute asteazken honetako osoko bilkuran. Adostutako testuaren arabera, independentismoak gehiengoa izango du Parlamentuko Mahaian, Roger Torrent (presidentea) eta Alba Verges (idazkaria), eta oraindik zehaztu gabe dauden Junts per Catalunyako beste bi kide izango baitira bertan.

Urrutiko inbestidura

Inbestidurari dagokionez, Puigdemont hautagaia izateko akordioa adostu dute bi aldeek, baina urrutiko inbestidura egiteko zailtasunak omen daude; izan ere, Parlamentuko legelariek erreparoak azaldu dituzte, eta Espainiako Gobernua aurka agertu da. Horrela, Puigdemont bertan ez badago, inbestidurari helegitea aurkeztuko diotela iragarri du Espainiako Gobernuak.

Edozein kasutan, urrutiko inbestidura baten inguruko azken hitza Mahaiak izango du.

Albisteak (6)

Informazio gehiago (1)