Itxi

Katalunia

Torrentek bilera-sorta egingo du Parlamentuko liderrekin inbestidura prestatzeko

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Baliteke Puigdemontek eskuratzea adostasunik handiena; Kataluniako Parlamentuko presidente berriak adierazi duenez, hori gertatuko balitz, "hitz egin beharko genuke nola egingo genukeen erabakitzeko".

Asteazken honetan hautatu zuten Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidente. Argazkia: EFE.

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidente berriak bilera-sorta hasiko du ostegun honetan Parlamentuko taldeetako liderrekin, inbestidura-saioan Generalitateko presidentetzarako hautagai bat proposatzeko.

Asteazkeneko saioan, Kataluniako Parlamentuko Mahai berria osatu zuten; berriro izango dute bertan gehiengoa independentziaren aldekoek. Hemendik aurrera, hamar egun balioduneko epea du Torrentek, Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiekin bilerak izateko.

Baieztatuta dago ostegunean, 12:30ean, Catalunya en Comu-Podemeko lider Xavier Domenechekin bilduko dela, Kataluniako Parlamentuko presidentearen audientzia-bulegoan.

Torrentek berak TV3 kateari esan dioenez, gaur Miquel Iceta PSCko lehen idazkariarekin ere bilduko da. Aukera dago Carles Puigdemontek eskuratzea adostasunik handiena, bilera-sortan; Torrentek esan du hori gertatuko balitz "hitz egin beharko genukeela, nola egingo genukeen erabakitzeko".

Saioa, gehienez jota, urtarrilaren 31n

Inbestidura-saioa, gehienez jota, urtarrilaren 31n egin beharko dute. Oraingoz, presidentegai bakarra dago, Carles Puigdemont bera; Junts per Catalunyak proposatu du, eta ERC prest dago babesa emateko, baina ez dago argi nola egingo duten inbestidura hori.

JxCaten asmoa da Carles Puigdemontekin urrutiko inbestidura egitea; Kataluniako Parlamentuko abokatuek, baina, aukera horren gaineko euren zalantzak azaldu dituzte, aste honetan zabaldutako txosten batean.

 

Albisteak (4)