Katalunia
Torrentek Puigdemont proposatu du Generalitateko presidente izateko
Agentziak | Erredakzioa
Puigdemontek berriro presidente izateko 'legitimotasun guztia' duela uste du Parlamentuko presidenteak, eta bilera eskatu dio Rajoyri, Ganberaren 'ezohiko egoeraz hitz egiteko'.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak Carles Puigdemont Junts per Catalunya (JxCAT) alderdiko zerrendaburua proposatu du Generalitateko presidente izateko. Horrez gain, iragarri du Mariano Rajoy Espainiako presidenteari bilera eskatu diola "Parlamentuko ezohiko egoeraz hitz egiteko".
Ganberan egindako prentsaurreko labur batean nabarmendu duenez, inbestidura horrek dituen zailtasunen jakitun da, baina Torrentek uste du Puigdemontek berriz presidente izateko "legitimotasun guztia" duela. "Badakit bere egoera pertsonal eta judiziala zein den, baina nire betebeharra da diputatu guztien parte hartze politikorako eskubideak babesteko eginahalak egitea, eskubide horiek mugatzea herriaren subiranotasuna mugatzea litzatekeelako", adierazi du.
Kataluniako Parlamentuan ordezkaritza lortu zuten alderdi guztietako ordezkariekin bildu da Torrent, eta egindako bilera sortan ondorioztatutakoaren arabera, JxCATeko hautagaia da aukeratua izateko babes gehien duena. Nonbait, JxCATek eta ERCk Puigdemonten alde egin zuten, eta CUPek "inbestidurarako lehen hautagaia izateko zilegitasuna" zuela esan zuen. Beste alderdiek baztertu egin zuten hautagaitza hori.
El president del #Parlament, @rogertorrent, proposa @KRLS Puigdemont com a candidat per ser investit president de la Generalitat pic.twitter.com/NNN2As52FG
— Parlament Catalunya (@parlament_cat) 22 de enero de 2018
Torrenten esanetan, inbestidura "auzi politikoa da", eta, horrenbestez, "politikak izan behar du guztiaren erdigune".
Kataluniako Parlamentuko presidenteak iragarri duenez, preso eta atzerrian dauden diputatu guztiekin biltzeko asmoa du: "Denekin hitz egingo dut. Parlamentuko 15 diputatuak babestuko ditut". Izan ere, diputatu horien egoerak "euren ordezkaritza eskubideak eta aukeratu dituzten herritarren eskubideak" urratu ditu, horren iritzian.
"Parlamentuko presidente naizen aldetik, nire betebeharra da erakunde hau kanpoko esku hartzeetatik eta geldiarazpenetatik babestea", erantsi du.
Bilera eskaera Rajoyri
Presidentetzarako hautagaia iragartzeaz gain, Mariano Rajoy Espainiako presidenteari bilera bat eskatu diola ere jakinarazi du Torrentek. Horren ustez, "Kataluniako Parlamentuan dugun ezohiko egoerari buruz hitz egiteko izango da hitzordua".
El president @rogertorrent ha demanat una reunió amb @marianorajoy per dialogar sobre la situació anòmala que viu el #Parlament pic.twitter.com/pmLnxqbRtb
— Parlament Catalunya (@parlament_cat) 22 de enero de 2018
Ingurumaria horretan, "elkarrizketaren beharra" aldarrikatu du.
Moncloaren erantzuna
Bilera eskaera horren harira, Espainiako Gobernuak Roger Torrenti gogorarazi dio Carles Puigdemont presidentearen egoera ez dagokiola Rajoyri, Justiziari baizik.
Dena dela, Moncloako iturriek jakinarazi dutenez, oraingoz ez dute Kataluniako Parlamentuko presidentearen gutunik jaso.