Itxi

KATALUNIA

Guardia Zibilak ANC eta Omniumen egoitzak eta Telekomunikazio Zentroa miatu ditu

EITB.EUS

Leer en Castellano

ANCk eta Omniumek bertara ez joateko eskatu dute. Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epailearen aginduz sartu dira aipaturiko toki horietara.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Guardia Zibila Kataluniako Asanblea Nazionalaren (ANC) eta Omnium Cultural elkartearen egoitzetan eta Generalitateko Telekomunikazio Zentroan sartu da, eta miaketak egin ditu, Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epailearen aginduz, antza.

Poliziaren izapideen jakitun diren iturriek jakinarazi dutenez, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANCko eta Omnium Culturaleko buruen bulegoetan sartu dira, Sanchez eta Cuixart espetxean sartu zituztenetik 100 egun bete diren egunean, hain zuzen.

ANCko egoitzako miaketan, Jordi Sanchezen abokatua egon da, Jordi Pina, eta Jordi Cuixarten abokatua Omnium Culturaleko egoitza nagusira joan da Guardia Zibilaren miaketaren lekuko izateko.

Antza denez, Sanchezek Generalitatearekin ustez trukatu zituen mezuen bila aritu da Guardia Zibila. Jordi Pina abokatuak ANCren egoitza nagusiaren atarian azpimarratu duenez, Sanchezen mezu elektronikoak kopiatu dituzte memoria eramangarri batean. Pinaren esanetan, auzibidea argitzen laguntzeko mezuen bila aritu dira.

"Izapide erraza da", nabarmendu du Pinak. Ikerketaren baitan ulertu behar da, eta ez dauka aparteko garrantzirik, gaineratu du.

ANCk eta Omnium elkarteak lasaitasun mezuak zabaldu dituzte Twitter sarean dituzten kontuen bidez, eta bertara ez joateko eskatu dute.

Omniumek azpimarratu duenez, Guardia Zibila bere egoitza nazionalean sartu da, baina "erabateko lasaitasuna" da nagusi. Halaber, eskerrak eman ditu jasotako babes eta elkartasun mezuengatik.

 

 

ANCk ere jasotako babesa eta elkartasuna eskertu du, eta egoitzan lasaitasuna dela nagusi esan du, eta gertatzen ari denaren berri jakiteko Telegrameko kanala eta sare sozialei adi jarraitzeko eskatu die herritarrei.

 

 

Albisteak (3)

Bideoak (1)