Itxi

Katalunia

Estatu Kontseiluak Puigdemonten hautagaitzaren aurka orain egitea ez du babestu

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Konstituzionalaren aurrean helegite prebentiboak aurkeztea posible ez dela argudiatu du Estatu Kontseiluak. Hala eta guztiz ere, Espainiako Gobernuak helegitearekin aurrera jarraitzeko asmoa du.

Roger Torrent Parlamenteko presidentea eta Carles Puigdemont presidenta. Artxiboko argazkia: EFE

Carles Puigdemonten hautagaitzaren kontra Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea orain aurkezteko oinarririk ikusten ez duela erantzun dio arratsalde honetan Estatu Kontseiluak Espainiako Gobernuari.

Puigdemonten inbestidura auzitara eramateko aukeraren inguruan txosten bat egiteko eskatu dio Exekutibo zentralak Estatu Kontseiluari goizean. Txostena derrigorrezkoa da, baina ez loteslea. Roger Torrent Parlamenteko presidenteak Puigdemonten hautagaitza iragan astelehenean proposatu eta asteartean sinatu zuen.

Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegite prebentiboak aurkeztea posible ez dela argudiatu du Estatu Kontseiluak.

Helegiteari eusten dio Espainiako Gobernuak

Hala eta guztiz ere, Puigdemonten hautagaitzari helegitea aurkezteko asmoa du Espainiako Gobernuak.

Txostena loteslea ez dela gogorarazi dute Exekutiboko iturriek. Beraz, Espainiako Gobernuak helegitearekin aurrera jarraitzeko asmoa duela ziurtatu dute.

Iturri berdinen arabera, Exekutiboaren argudio juridikoak babestu ditu Estatu Kontseiluak, baina ez helegitea aurkezteko unea.

Eskatutako bigarren txostenean, ordea, Gobernu zentralaren tesiak babestu ditu Estatu Kontseiluak, erantsi dutenez.

Konkretuki, Ganberan ez dagoen hautagai bat izendatu daitekeen ala ez; Parlamenteko Mahaiak hori onartuko balu Konstituzionalaren aurrean helegitea aurkeztea posible dela uste du Kontseiluak.

Estatu Kontseiluaren txostena ostiral honetan aztertuko du Ministroen Kontseiluak.

"Lege-iruzurra" egin nahi izateagatik Santamariaren dimisioa eskatu du Puigdemontek

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordearen dimisioa eskatu du Carles Puigdemont JxCateko buruzagiak, bere hautagaitzaren aurka “lege-iruzurra antolatu nahi izan duelako”.

 

 

Estatu Kontseiluko iritziaren berri izan bezain laster Twitter sare sozialean mezua argitaratu du Puigdemontek. Presidentaren hitzetan, “Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak berehala dimisioa eman beharko luke, lege-iruzurra antolatu nahi izan duelako”. Elsa Artadi JxCateko diputatuak mezu berdina argitaratu du.

 

 

Albisteak (6)