Itxi

Katalunia

Torrentek inbestidurari eutsi eta 'errespetua' eskatu dio Espainiako Gobernuari

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Mariano Rajoyren Gobernuak aurrera jarraitzen du Carles Puigdemonten hautagaitzaren aurkako helegitearekin.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Kataluniako Parlamentuko presidente Roger Torrentek (ERC) ostiral honetan esan duenez, Ganberako zerbitzu juridikoak aztertzen ari dira zein erantzun emango duten Espainiako Gobernuaren inpugnazioaren aurrean; "errespetua" eskatu dio horri, eta, nabarmendu duenez, "mehatxuak" gorabehera, eutsiko dio inbestidura-saioari, Carles Puigdemonten hautagaitzarekin.

Kataluniako Parlamentuan egin du agerraldia Torrentek; minutu batzuk lehenago, Espainiako Gobernuak jakitera eman du Ministroen Kontseiluak baimena eman diola Mariano Rajoy presidente espainiarrari Puigdemonten Kataluniako Generalitatearen presidentea izateko hautagaitzaren proposamenaren aurkako helegitea jartzeko, Auzitegi Konstituzionalean.

Agerraldi labur batean, Kataluniako Parlamentuaren presidenteak deitoratu du helegitea izatea Espainiako Gobernuaren erantzun bakarra; izan ere, Torrentek esan du bere eskaintza "elkarrizketarako benetako borondatea" izan dela, baina, horren truke, "mehatxuak", eta "politika epaitegietan egotea" baino ez duela jaso.

Nabarmendu ere nabarmendu du Puigdemontek legezko baldintza guztiak" betetzen dituela hautagaia izateko, eta azken haren aurkako inpugnazioak ez duela inolako oinarri juridikorik: "Hori eskubidearen gainean zerbait dakien edozein herritarrek daki, eta Estatuko Kontseiluak berak ere gauza bera adierazi du".

Kataluniako hautesleen eta diputatuen aurkako lege-iruzurra

Ildo horretan, Torrentek hauxe ohartarazi du: "Inpugnazioa lege-iruzurra izan liteke, Kataluniako hautesleen eta diputatuen aurkako iruzurra"; are gehiago, "parlamentu-demokraziaren aurkako iruzurra, demokrazia-sistemaren oinarrien aurkakoa", adierazi du.

"Nik ez dut hautagairik proposatzen nire apeta delako edo hala nahi dudalako", zehaztu du, "eta hori Espainiako presidenteordeak jakin beharko luke. Nik entzuten dut parlamentu-indar guztiek zer dioten, eta, horien borondatearen berri izanda, izen bat proposatzen dut, ikusirik babes nahikoa duela".

Hau da, gehitu du: "Helegitea ez da Parlamentuko presidentearen erabakiaren aurkakoa, baizik eta miloika hautesleren, diputatuen eta demokrazia-sistemaren funtzionamenduaren aurkakoa".

Torrenten arabera, "Espainiako Gobernuaren Kataluniako herritarrentzako mezu bakarra ez daiteke izan ez dutela behar bezala bozkatu, ez dutela bozkatu beraiek nahi zuten moduan, eta hori bidegabekeria politiko oso handia da; esan nahi du auzitegietan lortu nahi dutela hautestontzietan irabazi ez zuten hori".

Puntu horretan, gogorarazi du abenduaren 21eko hauteskundeetan parte-hartze handia eta emaitza oso argia izan zirela; Puigdemont aurkeztu ahal izan zen, arazorik gabe, eta, gerora, JuntsxCateko hautagaiak diputatuaren akta hartu ahal izan zuela.

Ez dago demokrazia bertan behera uzterik

Torrentek berretsi duenez, "parlamentu-gehiengo jakin batengatik da Puigdemont inbestidurarako hautagaia; bertan behera utzi ezin den errealitatea da hori, demokrazia ezin da bertan behera utzi", zehaztu du.

Torrentek konpromisoa hartu du diputatu guztien eskubideen alde lanean jarraitzeko, "tamalez kartzelan edo erbestean dauden eskubideen alde", eta gogorarazi dio Estatuko Gobernuari herrialde demokratiko batean "herritarren ordezkariei dagokiela erabakitzea eta legeak egitea, esku-sartzerik gabe".

"Garaiz gaude bidea zuzentzeko", esan du, "baina elkarrizketa eskaintzea eta gauzak egitea ez dira bateraezinak, eta ez gara geratuko besoak uztarturik. Parlamentuko zerbitzu juridikoek Konstituzionalaren ebazpena aztertuko dute, eta politikoki ere aztertuko dugu, jaso eta berehala".

Parlamentuko presidenteak galdegin dio Estatuko Gobernuari "hauteskundeetako emaitza errespetatzeko, bai eta katalanen nahia, diputatu guztien eskubideak, erakunde hau eta parlamentu-demokrazia".

Albisteak (8)

Bideoak (1)