Katalunia
Puigdemont eta kontseilari ohiak gaitasungabetuko dituztelakoan dago Catala
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuaren Justizia ministroak segurutzat jotzen du Bruselan edo preso daudenentzako gaitasungabetzea; uste duenez, bi hilabete barru izango da, epailaren autoarekin.
Rafael Catala Espainiako Gobernuko Justizia ministroak segurutzat jotzen du Carles Puigdemont Generalitaterako hautagaia eta preso edo Belgikan dauden Kataluniako Gobernuko kide ohiak udaberrian gaitasungabetuko dituztela, eta ezin izango direla, hortaz, kargu publikoren batean egon; Catalaren iritziz, gaitasungabetze hori Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak auzipetze-autoa ematearekin batera gauzatuko da, matxinadagatik.
Antena 3 katean egindako adierazpen batzuetan, eta Krimenak Epaitzeko Legea abiapuntu, Catalak azaldu du zer gertatuko den, bere iritziz: "Lege horrek zehazten duenez, matxinada-delitua egotekotan, auzipetuak ordezkaritza publikotik aterako dituzte, eta ezin izango dute jarduera politikorik egin".
Hala, lege horretako 384. bis artikulua ezarriko litzateke, automatikoki; hala dio horrek: "Auzipetze-autoa ebazten denean, eta matxinada egotzita auzipetua behin-behineko kartzelan dagoenean, funtzio edo kargu publikorik duena automatikoki izango da kargugabetuta, kartzelan dagoen bitartean".
Kataluniako egoeraz galdetu diotenean, Catalak nabarmendu du "erlojua berriro jarri behar dela martxan"; horrela, gehienez bi hilabete barru, inbestidura egina edo beste hauteskunde batzuen deialdia gauzatuta egongo lirateke. Catalaren ustez, ez dago eusterik egungo egoerari.
Ministroak espero du Kataluniako Parlamentuko abokatuen txostenak "linbo politikoa" desblokeatzea; hain zuzen ere, "prozedurak gauzak gerta daitezen ezartzen dira".
"Erlojua berriro martxan jartzea"
"Katalunian zer gertatu den kontuan izanik, erlojua berriro jarri beharko litzateke martxan, bi hilabeteren buruan inbestidura edo hauteskundeak egoteko; ez dago egoterik linboan betiko", nabarmendu du Espainiako Justizia ministroak. Haren iritziz, hori bera da katalanek nahi dutena.
Carles Puigdemontek Antoni Comini bidalitako mezuen gainean, Catalak esan du ez dagoela inolako estrategiarik, eta mezuek Puigdemonten hitz egiteko modua islatzen dutela: "Ez dago Moncloa planik, eskubidearen Estatua da", azpimarratu du. Puigdemontek, besteak beste, hauxe adierazi zion Comini: "Hau amaitu da", Kataluniako prozesuaz, "gureek sakrifikatu gaituzte. Moncloa plana gailendu da".
Catalaren esanetan, ez du uste Cominek jarriko duen salaketak ibilbide luzerik egingo duenik, mezuak zabaldu izateagatik.
"Dena aldatuko da, hemendik aurrera"
Catalak dio argi dagoela gauzak aldatuko direla, hemendik aurrera, Katalunian, eta Roger Torrent Parlamentuko presidentearen erabakiek erakusten dutela ez diola eusten orain arteko bideari, alegia, Carme Forcadellen bideari.
Ministroak ezeztatu du arauetatik kanpoko "akordio sekreturik" egotea. Komunikabide batzuek hala esan dute; diotenez, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordea amarruekin ibili da, Oriol Junqueras presidente izan dadin (Junqueras preso dago, duela hiru hilabete espetxeratu zuten).