Katalunia
Kataluniako Parlamentuak 155. artikuluaren kontra jarritako helegitea onartu dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nolanahi ere, Auzitegi Konstituzionalak ez du izapiderik abiatuko, Espainiako Gobernuak Generalitatea esku hartuta duen bitartean.
Auzitegi Konstituzionalak onartu egin du Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua Katalunian ezartzeko Senatuak hartu zuen erabakiaren aurka Kataluniako Parlamentuak aurkeztu zuen konstituzio-kontrakotasun helegitea.
Alabaina, helegitearen tramitazioa behin-behinean geldiarazi du, Kataluniako Gobernua prozesu judizial honetako parte delako, baina une honetan alegaziorik egiteko aukerarik ez duelako, Espainiako Gobernuaren kontrolpean dagoelako.
"Estatuaren eta Kataluniako Autonomia Erkidegoaren interesen arteko gatazka bat ekiditeko asmoz", alegazioak aurkezteko Generalitateak duen epea gelditzea erabaki du Konstituzionalak.
Horrela bada, Konstituzionalak ez du tramitaziorik egingo Espainiako Gobernuak Generalitatea esku hartuta duen bitartean, hots, 155. artikulua indarrean dagoen artean.
Podemosek ere jo zuen auzitegira Katalunian 155. artikulua ezarri izanaren aurka eta orduan ere gauza bera erabaki zuen Konstituzionalak.