'Memoire vivante' operazioa
Frantziak ETAri kendutako armak eta dokumentazioa eman dizkio Espainiako Gobernuari
Agentziak | erredakzioa
Material guztia bi kamioitan ekarri zuten Paristik joan den astelehen eta asteartean. Rajoyren Gobernuaren ustez, "argitu gabeko hilketen inguruan datu gehiago izateko" balioko du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Frantziako agintari judizialek, hango Gobernuarekin lankidetzan, "ETAri azken 20 urteotan kendutako armak eta agiriak" eman berri dizkio Espainiari, Barne Ministerioak ohar batean jakinarazi duenez.
Materiala bi kamioitan ekarri zuten Paristik joan den astelehenen eta asteartean, Guardia Zibilaren GAR agenteen eta Jendarmeriaren kideen zaintzapean. Ministerioaren hitzetan, Frantziak entregatu duen lehen sorta da hori.
Operazioak, 'Memoire vivante' izenekoa (memoria bizia, frantsesez), helburu bikoitza du: batetik, "judizialki argitu gabeko ETAren hilketen inguruan datu gehiago ematea", eta bestetik, "biktimen memorian" laguntzea. Izan ere, Gasteizen dagoen Terrorismoaren Biktimen Memoriala esku jarriko dute materiala.
Ministerioaren hitzetan, Mariano Rajoy eta Francois Hollande Espainiako eta Frantziako presidenteek adostu zuten esku aldaketa, duela urtebete, Malagan egindako goi-bileran.
"ETAren artxiboa"
Espainiaren esku utzitakoen artean honakoak daude: 300 arma baino gehiago (pistolak, errebolberrak, granada-jaurtigailuak...) eta armen piezak; dokumentazio ugari agiritan (40.000 orri inguru) eta euskarri informatikoan (ehunka terabyte). Informazioa Frantziako justiziak ikertutako 50 sumariotan dago bildua, eta orain Espainiaren esku utzi du Frantziak.
Espainiako Barne Ministerioaren arabera, "azken urteotako sumario garrantzitsuenak dira, Frantziako Poliziak egindako terrorismoaren kontrako operazio inportanteenetan bildutakoak".