15. urteurrena
Eragindako mina 'eufemismorik gabe' gaitzesteko eskatu dio Pagazaurtunduak ETAri
Agentziak | Erredakzioa
15 urte bete dira ETAk Joseba Pagazaurtundua hil zuela. Gaur, omenaldia egin diote Andoaingo udaltzainen buruari, eta bertan hitz egin du haren arrebak, Maite Pagazaurtunduak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Joseba Pagazaurtundua ETAk orain dela 15 urte hildako Andoaingo udaltzainburuaren familiak omenaldia egin dio gaur goizean Andoainen, ETAri eta haren "munduari eufemismorik gabe izuaren historia" gaitzetsi dezaten eskatzeko.
Lore-eskaintza egin dute Agustin Ibarrolak haren omenez egindako "Josebaren etxea" eskulturaren aurrean, Andoaingo udaletxearen alboan.
Horrez gain, Pagazaurtundua sendiak urteurren honetarako egindako argitalpen bat banatu du. Azken 15 urteotako kronika politikoa biltzen duela zehaztu dute, Andoaingo "izuaren ekosistemari" buruzkoa, hain zuzen. Ondoren azaldutakoaren arabera, 1990 eta 2007 artean "ETAren inguruko taldeek 100 kale-terrorismo ekintza baino gehiago" egin zituzten.
Maite Pagazaurtundua UPyDko eurodiputatuaren esanetan, bihar bertan ale bat bidaliko diote Iñigo Urkullu lehendakariari eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiari. Halaber, Jonan Fernandez Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza idazkari nagusiak eta Ane Carrere Andoaingo alkateak ere ale bat jasoko dutela iragarri du. Bestalde, kondena hori "egin gabe" dagoen bitartean Andoainera etortzen jarraituko dutela berretsi du.
"Euskal gizarte osoa aldatu eta derrigorrez euskal abertzale bihurtzeko jazarri egin gintuztela onartu behar dute erasotzaileek, hiltzaileek eta horien inguru politikoak", nabarmendu du Pagazaurtunduak.