Katalunia
Junquerasek uste du urrutiko Presidentetza eragotziko dutela eta Rovira proposatu du
Agentziak | Erredakzioa
ERCko buruzagiarentzat "argi" dago Estatuak Belgikatik agintzea galaraziko dutela.
Oriol Junqueras ERCko presidenteak urrutiko Presidentetza baten aukera baztertu du, uste baitu Espainiako Estatuak ez duela "inoiz" halakorik Puigdemont Belgikatik agintzea eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusia proposatu du hautagai gisa.
"Itzela da, erabateko konfiantza dugu denok beragan", adierazi dio Telecinco telebista kateari Estremerako kartzelatik gutun bidez erantzun duen elkarrizketa batean.
Ines Arrimadas Ciutadanseko buruaren balizko hautagaitza baten harira itaunduta, saiatzeko esan dio diputatuari, baina ohartarazi du "darabilen diskurtso horrekin" nekez lortuko duela.
Diputatua den aldetik presidentegai izan daitekeela esan du, baina ez du uste berari dagokionik. Are, eserlekuari muzin egiteko prest egongo litzatekeela erantsi du: "Uko egiteko prest egon naiz betiere, taldearen mesedetan denean".
Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu du Junquerasek. Kataluniako Parlamentuko presidenteak bilera eskatu zion Rajoyri, baina gobernuburuak ez du onartu. Junquerasen iritzian, "elkarrizketari ihes egiten dio Espainiako Gobernuak".
Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailea ere ahotan hartu du ERCko buruzagiak. Azpimarratu duenez, "arrazoi politikoengatik" du preso, "bide juridikoa eragotziz". Independentziaren aldeko manifestazioetan indarkeriarik egon ez dela gogorarazi du.