Itxi

Pintaketak

Pintaketak egin dituzte EAJren eta PSEren egoitzetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Araba eta Bizkaiko hainbat batzokitan eta PSEk Deustun duen egoitzan bi alderdi horien kontrako pintaketak egin dituzte bart, jeltzaleei eta sozialistei "torturatzaile" deituta.

Gasteizko batzokian egindako pintaketa. Argazkia: EFE

EAJren eta PSEren egoitzetan pintaketak egin dituzte bart, alderdi horietako arduradunak "torturaren konplizeak", "torturatzaileak" edota "hiltzaileak" direla esanez.

EAJk ohar bidez jakinarazi duenez, Gasteiz, Bilbo, Arrigorriaga, Ugao, Arrankudiaga eta Mungiako batzokietan agertu dira pintaketak.

EAJk salatu du "akusazio eta irain larriak" direla eta horrelako erasoak "garaiz kanpoko" daudela eta "onartezinak" direla.

Halaber, ezker abertzaleari eta euskal presoen eskubideen defentsan diharduten eragileei zuzendu zaie, eraso honen egileen kontrako adierazpen publikoa egin dezatela eskatuz.

PSEk ere salatu du pintaketak egin dituztela Bilboko Deustu auzoan duen egoitzaren kontra. "Torturatzaileak", "hiltzaileak" eta "amnistia" hitzak idatzi dituzte horman.

Euskadiko Alderdi Sozialistak erasoa gaitzetsi du, gertakaria "antidemokratikotzat" jo du eta honek erasotzaileen "errespetu, zibismo eta bizikidetza falta" erakusten duela erantsi du.

"Iraganean ez ginen beldurtu eraso eta irainen aurrean, eta orain are gutxiago; gu biktimak izan ginen, beste batzuk hiltzaileak", azpimarratu dute ohar batean.