Katalunia
Roures prozesu independentistaren batzorde exekutiboan kokatu du Guardia Zibilak
Agentziak | Erredakzioa
Ikertzaileek Llarena epaileari txosten bat igorri diote. “Umeek egingo ez lituzketen loturak eta azalpenak” ematen ditu txostenak, Rouresek kritikatu duenez.
Kataluniako prozesu independentista zuzentzeko orduan, komunikabideetako profesional eta aditu gisa, Jaume Roures Mediapro konpainiako presidentea batzorde exekutiboko kidea dela uste du Guardia Zibilak.
Guardia Zibileko ikertzaileek Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileari txosten bat igorri diote. Kataluniako gizartea mobilizatzeko, Generalitateak komunikabide pribatuen babesa izan zuela “berresten” duten hiru telefono-deiren berri eman diote magistratuari txostenean. “Jaume Roures Llop enpresaburuari egindako deiak bereziki”, aipatzen ditu Guardia Zibilak.
Rouresek erreferendumerako prentsa-areto bat prestatu zuela gogorarazi du Guardia Zibilak. Bestalde, TV3 telebistak “erreferendumarekin lotutako gertakariak kontatzeko” zabaldu zuen bideoa Mediaprok ekoitzi zuela azpimarratu dute ikertzaileek txostenean. “Galdeketa aurrera eraman zuten pertsonak goraipatu eta independentismoari interesatzen zitzaizkion mezuak” zabaldu zirela erantsi dute guardia zibilek.
Guardia Zibilaren hitzetan, komunikabideek paper garrantzitsua izan behar zutela bazekiten prozesu independentistako arduradunek, horregatik ikus-entzuleei mezua helarazteko Mediapro zerbitzu hornitzaile bezala erabili zuten.
Horregatik, guztiak prozesu soberanistaren “batzorde exekutiboan kokatu daitezke”, gaineratu dutenez. Guardia Zibilaren esanetan, Salvador Jove Oriol Junquerasen hurkoak egindako Enfocats agiria independentziarako bide-orria da.
"Jauna", "aitona"
Txostenean, Joveren hiru telefono-dei aztertu ditu Guardia Zibilak. Deietan Rouresi zuzenean edo zeharka erreferentzia egiten diote. Horietako batean “jauna” deitzen diote, eta beste batean “aitona”.
Hirugarrenean, 2017ko abuztuaren 7an, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez herri mugimendu independentisten buruzagiekin bildu eta Rouresekin hitz egin behar zuela esaten dio Oriol Soler prozesuaren ustezko ideologoak Joveri.
Soler Cuixartekin eta Sanchezekin harremanetan jartzeko bidea izatea “oso esanguratsutzat” jotzen du Guardia Zibilak. Era berean, Rouresen presentzia “aipagarria” dela uste du.
Roures, egileen “adimen maila eskasarekin” harrituta
Guardia Zibilaren txostena egin dutenen “adimen maila eskasarekin harrituta” agertu da Jaume Roures Mediaproko presidentea.
“Umeek egingo ez lituzketen loturak eta azalpenak” ematen ditu txostenak, adierazi du Rouresek 'Més 3/24' programan.
Rouresen ahotan, txostena Mediaprok ekoitzitako eta TV3k emandako bi dokumentalen (U-1 eta 'Las cloacas del Estado') “ondorio” da .
Txostena “ondoriotan” oinarritzen da, “argudiorik ez dagoelako”, erantsi du Mediaproko presidenteak. “Dokumentala iritzi delitu baten parte” dela ematen du txostenean, salatu duenez.
Bera “aitonarekin” lotzeak harritzen duela azaldu du Rouresek: “Ez naiz aitona, nahiz eta posible izan”. Txostenak urriaren 1eko gertakarien inguruko dokumentala Kataluniako telebistan bakarrik eman izana nabarmentzeak txunditzen duela gaineratu du: eman nahi duten Estatuko beste telebista kateei “doan utziko diegu”.