Katalunia
Beste sedizio delitu bat leporatu dio Lamela epaileak Traperori
Agentziak | Erredakzioa
U-1eko erreferenduma eragozten saiatzeko polizia dispositiboaren “ekintza oztopatzeko, aldez aurretik pentsatutako plan” bat izatea egotzi dio magistratuak.
Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen buruzagiari sedizio delitu berri bat egotzi dio Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak U-1rekin lotuta. Erreferenduma eragozten saiatzeko polizia dispositiboaren “ekintza oztopatzeko, aldez aurretik pentsatutako plan” bat izatea leporatu dio magistratuak.
Epailearen hitzetan, “independentzia egitasmo estrategikoa blokeatu zezakeen edozein ekintza oztopatu zuten mossoek urriaren 1ean”, eta horregatik gainerako polizien “ekintzak kontrolatzeko erabili zituzten mossoak”.
Helburu horrekin “aldez aurretik pentsatutako plana” diseinatu zuten, erantsi du Lamelak. “Egitasmo horren iturburua Esquadra Mossoen buruzagia zen, Josep Lluis Trapero, batzorde estrategikoaren kideekin lankidetzan”.
U-1eko 06:00ak arte mossoek “ez zuten ezer egin hauteslekuak husteko”, eta herritarrak sartzea eragozteko neurririk ez zuten hartu ordu batzuk lehenago.
“Komunikazio geldoa”
Gainera, “polizien eta buruzagien arteko komunikazio sistema bat diseinatu zuten”, Lamelak azaldu duenez. Horrela, “komunikazio geldotu zuten, poliziaren eraginkortasuna are gehiago murriztuz”, gaineratu du epaileak.
Diego Perez de los Cobos Guardia Zibileko koronelaren testigantza entzun eta delitu zantzuak ikusi ondoren, Lamelak Trapero berriro deklaratzera deitu du, lehenago kautelazko neurriekin askatasunean utzi ondoren. Ekonomia Kontseilaritzaren inguruan, irailaren 20an, gertatutakoagatik sedizioa leporatu zion epaileak Mossoen buruzagiari.
Bigarren sedizio delitua
Bigarren sedizio delitua leporatzeaz gain, erakunde kriminaleko kide izate egozteko aukera aztertzen ari da magistratua, “erakundeko kideek estrategia adostu, planifikatu eta lanak banatu” zituztela iritzita.
Epailearen ahotan, “erreferenduma egitea eta Kataluniako errepublika aldarrikatzeko helburua zuen Traperok (…) nahiz eta legetik at egiten ari zirela jakin”.
“Mossoen jokabidea ez zen bakarrik pasiboa izan; Guardia Zibilaren ekintzetan ez nahasteaz gain, guardia zibilei eraso egiten zietenean ere ez zuten lagundu”, nabarmendu du autoan.
“Zenbaitetan gainerako polizien ekintzak oztopatu zituzten mossoek, eta bestetan, errieta eta aurre egin zieten poliziei”, erantsi du epaileak.
Irailaren 20tik U-1era bitartean, Mossoen “erabateko nagikeria” bistakoa izan zela dio epaileak autoan, “proportzionaltasun, kongruentzia eta aukera printzipioen atzean ezkutaturik”.
Traperoz gain, Ferran Lopez Navarro Mossoen buruzagi berria lekuko gisa deklaratzera deitu du Lamelak ostiral honetan. Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu ondoren, Traperoren tokia hartu zuen Lopez Navarrok.