EUSKO LEGEBILTZARRA
EAJ, Elkarrekin Podemos eta PSE, preso ohiei omenaldiak egitearen kontra
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PPk proposatutako legez besteko proposamenaren harira, zuzenketa bat adostu dute hiru alderdiek.
EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk testu bat adostu dute gaur Eusko Legebiltzarrean, preso ohiei omenaldiak egitearen kontra. ETAko kide izandakoak, indarkeria erabili izan dutenak edota indarkeria helburu politikoak lortzeko bide gisa justifikatu izan dutenak sartu dituzte zaku horretan. Hiru alderdi horien iritziz, gisa horretako ekitaldiek biktima berriro biktima bihurtzen dute.
Euskal presoei egiten zaizkien omenaldiei buruzko legez besteko proposamena aurkeztu zuen PPk Eusko Legebiltzarrean eta gaur eztabaidatuko dute gaia.
Aipaturiko hiru alderdiek (EAJ, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE) adostasuna lortu dute eta, beraz, adostutako sei puntuko dokumentua onartuko du Eusko Legebiltzarrak.
Onartutako dokumentuan, "ETAko kideei, indarkeria erabili edota justifikatu duten" preso ohiei omenaldiak egitea errefusatu dute. "Omenaldi horiek giza eskubideen defentsaren kontrakoak dira eta biktimak berriro biktima bilakatzea eragiten dute", azpimarratu dute.
Halaber, "biktima guztiekiko aitortza eta elkartasuna" berrestea eta terrorismo oro, indarkeria edo giza eskubideen urraketa guztiak deslegitimatuko duen memoriaren eraikuntzan konprometitzea eskatu diote Legebiltzarrari.
Bestalde, biktimek "egia, justizia eta erreparaziorako" duten eskubidea garatzen jarraitzeko eta biktimak berriro biktima bihur ez daitezen neurriak hartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.