Itxi

Katalunia

Generalitatea berrezarri eta errepublika aktibatzeko manifestazioa deitu du ANCk

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Erakundeak batzar orokorra egin du gaur Bartzelonan, eta datorren martxoaren 11n manifestazio handi batean mobilizatzeko deia zabaldu du.

ANCk batzar orokorra egin du gaur. EFE

ANCk VI. ohiko batzar orokorra egin du gaur Bartzelonan. 3.000 bat bazkidek hartu dute parte, eta martxoaren 11n manifestazio handi bat egiteko deialdia adostu dute. Mobilizazioaren helburua Kataluniako Gobernua berria sortzeko akordioa lortzeko presioa egitea izango dela azaldu dute antolatzaileek, "botere eraginkorra" izan behar duela uste baitute, "errepublika aktibatzeko".

Bestalde, ANCko kideek pertsona 'no grata' izendatu dute Espainiako erregea, Bartzelonan egingo den Mobile World Congress batzarrera egingo duen bisitagatik. Horrez gain, gaur egungo idazkaritza nagusiak aurkeztutako 'bide orria' bozkatu dute.

Era berean, 2018-2019 urteetarako kudeaketa, ekonomia eta aurrekontu arloko txostenak onartu dituzte, ANCk ohar batean azaldu duenez.

Independentismoaren bide orriak, "baketsua eta indarkeriarik gabekoa" izanik, ANCren estrategia dibertsifikatzea aurreikusi du, hiru ardatzetan oinarrituta: soziala, martxoaren 11ko manifestazioarekin; nazionala, 155 artikulua baliogabetu eta Gobernu legitimoa berrezarrita, kartzelan dauden buruzagi independentistak aske utzita, eta Bruselan "erbesteratutako" politikariak itzulita.

Martxoaren 11rako deitutako manifestazioa Bartzelonako Drassanesetan hastea aurreikusi dute, eta Kataluniako Parlamentuaren egoitza dagoen Ciutadellako parkearen ateetan amaitzea. "Gobernua" osatzeko akordioa eskatuko dute.

Gaur batzarrean Carles Puigdemontek Bruselatik bidalitako bideoa eskaini dute, eta orain dela gutxira arte erakundeko presidentea izandakoaren hitz batzuk ere entzun dituzte. Jordi Sànchezek Soto del Realeko espetxetik bidali du mezua.

Puigdemonten eta Jordi Sànchezen mezuak

Puigdemontek urriaren 1eko ondarea bizirik mantentzea eskatu du, baita urriaren 27an Kataluniako Parlamentuan erabaki eta abenduaren 21ean "berretsitakoa", hori baita "errepublika independiente baterako bidea".

Sànchezek, bere aldetik, ANC babestearen alde egin du, "errepublika itxuran egituratutako estatu kataluniar independientearen aldeko herrialdearen zeharkakotasunaren hari gorri handia" delako. Halaber, "guardia ez galtzeaz" gain, erakunde gisa exijentzia mantentzea aldarrikatu du, baita ordezkari politikoekin ere.

Albisteak (1)