Katalunia
Puigdemontek bere hautagaitza baztertu du 'oraingoz' eta Jordi Sanchez proposatu du
Agentziak
Bestalde, “Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordearen aurrean Espainiako Estatua” auzitara eraman duela iragarri du Junts per Catalunyako buruzagiak, bere eskubideak “urratzeagatik”.
Carles Puigdemont presidenteak bere hautagaitza “oraingoz” baztertzea erabaki zuen atzo, osteguna, Kataluniako Parlamentuak goizean aintzat hartu ondoren. Puigdemontek agerraldi publikoa egin zuen, erabakiaren berri emateko. Kataluniako agintariak Jordi Sanchezen inbestidura proposatu zuen. Roger Torrent Parlamentuko presidenteari erabakiaren berri eman diola gaineratu zuen.
Junts per Catalunyako (JxCat) buruzagiak iragarri zuenez, uko egingo dio “oraingoz” inbestidurari, eta Jordi Sanchez proposatu du bere ordezko bezala, sare sozialen bidez zabaldu duen bideo batean. Sanchez, JxCaten zerrendako bigarrena, espetxean dago, behin-behinean.
Horrela, azken asteetako zurrumurrua ofizial egin zuen Puigdemontek: legealdiari blokeoa kentzeko prestatzen ari zen, Jordi Sanchezi tokia uzteko. Presidentearen ahotan, Sanchez “Espainiako kartzela batean bidegabe giltzapeturik dagoen bake gizona da”.
Honenbestez, alderdiei Sanchez “hautagai bezala” aurkezteko bilera-sorta lehenbailehen hastea eskatu dio Puigdemontek Roger Torrent Parlamentuko presidenteari. Pauso horrek tentsioa areagotu dezake; izan ere, erkidego bateko presidente bat “espetxean” egotea “zaila” dela adierazi zuen Rafael Catala Justizia ministroak iragan asteartean.
Ondorioz, Parlamentuko Presidentetzako iturriek jakitera eman zutenez, “Torret presidenteak bilera-sorta hasiko du datorren astean, hautagai berri bat proposatzeko”.
155. artikulua
Erabaki horrekin, Kataluniako erakundeetan independentismoak eta ez “155.aren autoritarismoak” gobernatzea erraztu nahi duela argudiatu zuen Puigdemontek.
“Ez dut etsiko, ez diot uko egingo, ezta atzera egingo ere, hautetsontzietan galdu dutenen jokabide ez-legitimoaren aurrean”, ziurtatu du Puigdemontek, eta Kataluniara gizon aske gisa laster itzultzea espero duela erantsi zuen.
Horrela, Espainiako Gobernuak ez duela Kataluniako erakundeak okupatzen jarraitzerik gaineratu zuen. Bere erabakiak Kataluniako autonomia erabat berrezartzea ez duela bermatzen onartu zuen Puigdemontek, baina “esparru libre eta demokratikoetatik independentzia eta Errepublika garatzeko bidean, hurrengo faseari heltzeko askatasuna emango du”, haren iritziz.
Halaber, “Errepublikaren legitimitatea” mantentzeko eta gauzatzeko asmoa berretsi zuen, eta, horretarako, datozen egunetan Parlamentuko kideak bilera batera deituko dituela azaldu zuen.
Espainia auzitara, NBEren aurrean
Bestalde, ostegun arratsaldean nazioarteko abokatu talde batek Espainia auzitara eraman duela iragarri zuen Puigdemontek. “Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordearen aurrean Espainiako Estatua” salatu duela azaldu zuen presidenteak, bere eskubideak “urratzeagatik”.
Puigdemonten hitzetan, Estatuak “giza eskubideen adierazpen unibertsala eta eskubide zibil eta politikoen gutuna urratu ditu”.
Missatge institucional del president de la Generalitat de Catalunya https://t.co/acydz8HGlF
— Carles Puigdemont ¿ (@KRLS) 1 de marzo de 2018
Jordi Sanchezek hautagai izatea onartu du: “Ohore handia eta sekulako erantzukizuna da”
Jordi Sanchezek Puigdemonten proposamena onartu zuen. “Kataluniako herria ordezkatzea ohore handia eta sekulako erantzukizuna da”, esan zuen Twitter sare sozialean.
Soto del Realeko espetxean dago urritik. Hala ere, Puigdemont, Oriol Junqueras eta kontseilari kargugabetu guztiak benetako Gobernu legitimoa direla aldarrikatu zuen Sanchezek: “Beti zuekin! Askatasuna”.
És un gran honor i una enorme responsabilitat poder representar el poble de Catalunya. El President @KRLS, el Vicepresident @junqueras junt amb tots els consellers destituïts pel 155 són el veritable Govern legitim de Catalunya. Sempre amb vosaltres! #llibertat https://t.co/x5kJjhSedY
— Jordi Sànchez (@jordialapreso) 1 de marzo de 2018
Espainiako Gobernuaren esanetan, Exekutiboaren ausardiak Puigdemont erabaki hori hartzera bultzatu du. Indarrean dagoen legediari “iruzurrik” ez egiteko baliabide guztiak erabili dituztela goraipatu zuen Rajoyren Gobernuak.
Zentzu horretan, “Espainiako Gobernuaren, erakunde demokratikoen eta PPren pertseberantziak” Puigdemont behartu duela adierazi zuen Xavier Garcia Albiol Kataluniako PPren buruzagiak.
Ines Arrimadas Ciudadanoseko buruzagiaren ahotan, “zentzugabekeria ezin gehiago luzatuta” egin du atzera Puigdemontek, eta independentistek “iskanbilarekin” jarraitzea kritikatu zuen.