Auzitegi Nazionala
Espejel epailea Altsasuko auzitik kentzea baztertu du Auzitegi Nazionalak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Concepcion Espejel magistratua Guardia Zibileko koronel batekin ezkonduta dago, Barne Ministerioak domina eman zion eta zenbait auzitatik kanpo utzi izan dute Alderdi Popularrari lotuta dagoelako.
Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko lehen sekzioak baztertu egin du Concepcion Espejel magistratua Altsasuko auzia epaituko duen epai-mahaitik kentzea, akusatuen defentsek eskatu bezala.
Epaiketa apirilaren 16an hasiko da eta epai-mahaia Espejelek, Manuerla Fernandez Prado eta Eduardo Gutierrez magistratuek osatuko dute.
Epai-mahai horrek gaur kaleratu duen autoaren arabera, auzia epaituko duen magistratu bat kasutik erretiratzeko eskaerak egiteko epea 10 egunekoa da eta epe hori epai-mahaia osatuko duten magistratuen izenak jakinarazten direnean hasten da.
Autoak dio 2017ko ekainetik jakina dela Espejel izango zela Altsasuko auzia epaituko zuen magistratuetako bat, orduan izendatu zutelako Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko Salako eta lehen sekzioko presidente.
Alabaina, Altsasuko gazteen defentsek gaur goizean errefusatze-eskaeraren arabera, joan den otsailaren 13an jakin zuten Espejel epai-mahaiko kide izango zela.
Guardia Zibileko koronel batekin ezkonduta dagoelako eta Barne Ministerioak domina eman ziola kontutan hartuta, Espejel epailea auzitik erretiratzea eskatu zuten Altsasuko gazteen abokatuek.
Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko lehen sekzioak, baina, eskaera atzera bota du, epez kanpo egin dutela argudiatuta.
Horrenbestez, Espejelek epaituko ditu Altsasuko zortzi gazteak. Delitu terroristak leporatuta, 12 eta 62 urte arteko kartzela-zigorrak eskatzen dituzte haien aurka.
Aipatzekoa da Espejel beste auzi batzuetatik kanpo utzi zutela, hala nola, Gurtel eta Barcenas auzietatik, Alderdi Popularrari lotuta dagoelako.