Nafarroa
Lizarrako udaletxean ikurrina jartzea legez kontrakoa dela ebatzi du epaitegi batek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ebazpenak dio Nafarroan ez dagoela araurik eraikin ofizial batean ikurrina jartzea ahalbidetzen duenik.
Administrazioarekiko auzien Iruñeko hirugarren epaitegiak ebatzi du ordenamendu juridikoaren kontra jarri zela ikurrina Lizarrako udaletxean 2017ko abuztuaren 4ean, herriko festei hasiera emateko txupinazoan.
Ebazpenaren arabera, Ikurren Legea baliogabetu zenetik, Foru Erkidegoan "ez dago Nafarroakoa ez beste banderarik jartzea ahalbidetzen duen araurik, ezta ikurrinaren kasuan ere".
Epaiak dio ikurren erabilera arautuko duen lege berri bat beharrezkoa dela eta horrek "akordio politiko eta instituzionala" eskatzen duela. Alabaina, arau hori Foru Parlamentuan adostu eta onartu bitartean, "Nafarroakoa ez den beste ikurrik jartzea babesten duen legerik ez" dagoela azpimarratu du.
Epaia ez da irmoa; Lizarrako Udalak apelazio-helegitea jartzeko aukera dauka orain.
Duela aste batzuk Burlatako Udalaren kontrako ebazpena eman zuten, herriko jaietan udaletxeko balkoian ikurrina jartzeagatik.