Itxi

Makroinkesta

EiTB Focus: EAJ irabazle, hiru eserleku gehiagorekin, lurraldeko bat

EiTB.EUS

Leer en Castellano

Boto asmoari buruzko inkestaren arabera, PPk izango lituzke emaitzarik txarrenak, 3 ordezkari galduta, eta Elkarrekin Podemosek bat galduko luke. Cs Ganberan sartuko litzateke.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) irabaziko lituzke Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hauteskundeak, hiru eserleku gehiagorekin, lurraldeko bat, EiTB Focusen zortzigarren inkestaren arabera.

EiTB Taldearentzako makroinkesta otsailaren 22an eta 23an egin zuen Gizaker etxeak, 1.200 pertsonari galdetuta: 400 Araban, 400 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan. Astearte honetan, boto asmoari buruzko datuak ezagutarazi ditu EiTBk. Martxoaren 8an, berriz, EAEn berdintasunari buruz inoiz egin den galdeketarik handienaren emaitzak kaleratuko ditu.

Alderdi Popularrak (PP) izango lituzke emaitzarik kaxkarrenak, hiru ordezkari galduko bailituzke. Elkarrekin Podemosek eserleku bat gutxiago lortuko luke. Inkestaren arabera, Ciudadanos (Cs) Eusko Legebiltzarrean sartuko litzateke, legebiltzarkide batekin. EH Bilduk eta PSE-EEk gaur egun duten ordezkari-kopuruari eutsiko liokete.

Eserleku banaketaren grafikoa, estimazioaren arabera:

Boto asmoa, ehunekotan:

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban egongo litzateke mugimendu gehien. Alderdi Popularrak bi legebiltzarkide gutxiago eskuratuko lituzke, Ciudadanosen eta EAJren mesedetan. Ordezkari bana lortuko lukete, eta lehenengoa Ganberan sartuko litzateke, aurreneko aldiz.

Gipuzkoan, PPk eserleku bat galduko luke.

Bizkaian, EAJk ordezkari bat gehiago lortuko luke, Elkarrekin Podemosen kaltetan. EH Bilduk azken eserlekua ziurtatuko luke.

Gobernu itunari buruz galdetuta, herritarren % 57k EAJ eta PSE-EE alderdien arteko hitzarmena babestu dute, 1etik 10era 5,1eko nota emanez.

Herritarrek politikarien inguruan duten iritziari dagokionez, Iñigo Urkullu eta Maddalen Iriarte dira balorazio onena eskuratu dutenak: 6,2ko nota jaso dute.

Fitxa teknikoa

Ikerketa egiteko, EAEko 1.200 bizilagun elkarrizketatu dituzte: 400 Araban, 400 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan.

Lurralde historiko, udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina da. Lagin-akatsa ±2,83koa da, % 95eko konfiantza mailarekin (p=q=0'5, datu orokorretarako).

Inkesten % 21,8 euskaraz egin dira eta gainerako % 78,2a, gaztelaniaz. Emaitzak herrietako biztanle kopuruaren arabera haztatu dira.

Elkarrizketak 2018ko otsailaren 22an eta 23an egin ziren, telefonoz.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)