Itxi

Arabako Lurralde-auzitegia

Eskupekoa eskatzeko posta elektronikoa bere ordenagailuan gorde zuen De Miguelek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Bulegoan atzemandako ordenagailuetako batean 'Urbanorma' izenburupean karpeta bat aurkitu zutela azaldu du ertzain batek.

De Miguel auziaren epaiketa. Irudia: EiTB

Arabako EAJren buruzagi ohiak erruztatuen aulkian eseri dituen komisioen ustezko sarea epaitzen ari dira. Auzia argitara eman zuen abokatuari ustez komisioa eskatzeko bidali zion posta elektronikoa bere ordenagailuan gorde zuen Alfredo de Miguel inputatu nagusiak.

Arabako Lurralde-auzitegian egiten ari diren epaiketan, Ikerketa Kriminaleko Unitatearen ertzain batek deklaratu du gaur. Ertzaintzak Arabako Foru Aldundiaren bulegoan, 2010eko martxoan, atzeman zituen posta elektronikoak aztertu ondoren txostena egin zuen adituak, besteak beste.

Bulegoan atzemandako ordenagailuetako batean 'Urbanorma' izenburupean karpeta bat aurkitu zutela azaldu du ertzainak.

Urbanorma Ainhoa Alberdiren hirigintza-aholkularia zen. Alberdi abokatuak ustezko ustelkeria sarea salatu zuen 2009ko abenduaren 2an, Arabako Fiskaltzaren aurrean. Legez kanpo 100.000 euroko eskupekoa ordaintzeko presioak salatu zituen, 2006an bere enpresari Arabako Teknologia Parkea handitzeko kontratu bat esleitu ondoren.

Karpeta horren barruan hiru artxibo zeuden, ertzainak gaur zehaztu duenez: horietako bat Ainhoa Alberdiren izenarekin, beste batean Urbanormak 20016ko azaroaren 13an Julian Sanchez Alegria Euskadiko Teknologia Parkeen Sareko presidente ohiarekin (inputaturik dago) sinatutako kontratua, eta hirugarrena hirigintza-aholkularitzari ordaindu beharrekoarekin.

Aurreneko artxiboan De Miguelek Alberdiri 2008ko abenduaren 4, 9 eta 15ean bidalitako posta elektronikoak gordeta zeuden. Alberdik dagoeneko Fiskaltzaren aurrera eraman zituen salaketa aurkeztu zuenean. De Miguel epaiketaren saioan izan da gaur.

Alberdik iragan astean azaldu bezala, besteak beste, De Miguelek Aldundiko posta ofizialetik bidali zion bat 2008ko abenduaren 9an, 100.000 euro eskatzeko: “gurea 100ean uzten dugu”.

Grabazioak eta zaintza prozesua

2010eko urriaren 1ean egindako txostenean, Alberdik aurkeztutako grabazioak bazirela azaldu du gaur ertzainak; bertan ustezko komisioez hitz egiten da.

Grabazio horien inguruan, Polizia Zientifikoko bi ertzainak deklaratu dute gaur. Audioa ordenagailuan sartu, eta DVD batera pasatu zuten ondoren. Prozesuan grabaketak aldatu ez zituztela errepikatu dute gaur ertzainek.

“Polizia Zientifikoak ez ditu frogak manipulatzen”, azpimarratu du ertzainetako batek.

Fiskaltzak eskatutako lekuko horiekin, De Miguelen defentsako bi adituk egindako txosten teknikoari aurka egin nahi izan dio Ministerio Publikoak. Grabazioak benetakoak direla edo manipulatu ez dituztela ziurtatzeko bermerik ez dagoela argudiatu dute defentsaren adituek. Era berean, grabagailuaren zaintza prozesua bermatzeko metodorik erabili ez zutela nabarmendu dute.

Albisteak (4)