Itxi

'De Miguel auzia'

Alberdi: 'Komisioa ez ordaintzeagatik kontratua kendu zidatenean jo nuen auzitara'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Ainhoa Alberdi abokatuak esan duenez, komisioa ordaintzeari uko egiteagatik Alfredo de Miguel Arabako EAJko buruzagi ohiak kontratu publiko bat kendu ziola jakin zuenean erabaki zuen auzia salatzea.

'De Miguel' auziaren epaiketa. Argazkia: EiTB

Ainhoa Alberdi abokatuak esan du komisio bat ordaintzeari uko egiteagatik Alfredo de Miguel Arabako EAJko buruzagi ohiak dagoneko berari emandako kontratu publiko bat erretiratzeko agindua eman zuela jakin zuenean erabaki zuela auzia epaitegietara eramatea.

2009ko abenduaren 2an Arabako Fiskaltzan jarritako salaketa horren ondotik, Arabako EAJko buruzagi ohiak auzipetu zituzten, ustelkeria egotzita.

Salaketaren arabera, 100.000 euroko komisioa eskatu zioten Alberdiri, 2006an hark zuzentzen zuen Urbanorma enpresari Arabako Teknologia Parkea handitzeko kontratu publikoa eman ostean.

Alberdik berriro deklaratu du gaurko saioan, eta epailearen aurrean azaldu duenez, komisioa ordaintzeari uko egiteagatik jada berea zen kontratua bertan behera uzteko Alfredo de Miguelek eman zuen aginduaren berri izan zuenean erabaki zuen auzitegira jotzea.

"Ordaintzeari uko egin nion eta bat-batean emanda zegoena jada nirea ez dela konturatzen naiz", adierazi du. Areago, gertatutakoa ikusita, aurrerantzean kontratu publikorik lortzeko aukerarik izango ez zuela ulertu zuela erantsi du.

Joan den astekoa saioan esandakoa berretsi du: 2008ko azaroan, De Miguelek "kutxatik pasatu" behar zuela esan ziola eta hilabete geroago mezu elektroniko bat bidali ziola 100.000 euro eskatuz.

Aldi berean, Alberdik Arabako Teknologia Parkeko lehiaketa publiko berri batera aurkeztea erabaki zuen, oraingoan Stoa konpainiarekin batera. Sergio Fernandez Oleaga (kasu honetan auzipetuta dago, Kataia Consulting konpainiari komisioa ordaintzea leporatuta) zen enpresa horretako administratzailea.

Stoak 2009ko urtarrilean eskuratu zuen kontratu publikoa eta, hasiera batean, Alberdiren enpresa (Alberdi-Vicinay) azpikontratatu behar zuen. Baina denborak aurrera egin ahala, Oleagak "jarrera aldatu" zuela eta "luzamendutan" hasi zela kontatu du Alberdik. Azkenean, Stoak Lugarfive enpresa azpikontratatu zuen, Alberdiren konpainia bazterrean utzita.

2009ko uda ostean, Oleagarekin gauzak bidertzeko asmoz bildu zela eta elkarrizketa hura grabatu zuela –epaiketan entzun dute grabazioa- esan du.

Batzar hartan hiru ondorio atera zituela gaineratu du: Oleagak De Miguelen babesa zuela eta hari esker lortu zuela Teknologia Parkeko kontratua; De Miguelek agindu zuela berari emandako kontratua baliorik gabe uztea, komisioa ez ordaintzeagatik hartutako mendeku gisa; eta inoiz gehiago ez zuela administrazio baten kontraturik eskuratuko.

Bestalde, 'Adi!' ustelkeriaren kontrako plataformak elkarretaratzea egin du Arabako Justizia Auzitegiaren kanpoaldean.

Epaiketaren hurrengo saioa datorren astelehenean egingo dute.

Albisteak (7)