Itxi

Katalunia

Espetxera bidali dituzte Turull, Forcadell, Romeva, Rull eta Bassa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Guztira 13 politikari auzipetu dituzte matxinada delitua egotzita. Erbestean dauden auzipetuak atxilotzeko agindua eman du epaileak. Roger Torrentek larunbateko inbestidura saioari eutsi dio.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Jordi Turull Kataluniako Gobernuko presidentegaia, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia eta Raul Romeva, Josep Rull eta Dolors Bassa kontseilari ohiak bermerik gabe espetxeratzeko agindua eman du Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak, matxinada delitua egotzita, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak (VOX alderdia) eskatu bezala.

Epailearen arabera, auzipetuek ihes egiteko eta egozten zaizkien delituak errepikatzeko "arrisku handia" dago. Matxinada delituagatik 15 eta 25 urte arteko kartzela-zigorra ezar diezaiekete.

Turull, Romeva eta Rull Estremerako presondegian espetxeratu dituzte; Forcadell eta Bassa, berriz, Alcala-Mecon.

Matxinada leporatuta aurretik behin-behinean kartzelatu zituzten gainerako agintari eta politikari independentistak hauek dira: Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohia, Joaquim Forn Barne kontseilari ohia, Jordi Sanchez ANCko presidente ohia eta Jordi Cuixart Omniumeko presidente ohia.

Erbestean daude, ostera, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia, Marta Rovira ERCko idazkari nagusia eta Antoni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiak.

Rovira eta gainerako erbesteratuak atxilotzeko agindua

Bestalde, Pablo Llarena epaileak atzerrian diren gainerako auzipetuak atxilotzeko nazioarteko agindua eman du. Marta Rovira ERCko idazkari nagusia, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia eta Antoni Comin, Clara Ponsati, Meritxel Serret eta Lluis Puig kontseilari ohiak dira erbestean dauden buruzagi independentistak.

Horrez gain, mantendu egin du auzipetu horien kontra Espainian ezarritako atxilotze-agindua.

Anna Gabrielen kontrako nazioarteko atxilotze-agindurik, berriz, ez du eman. Arrazoia: CUPeko diputatu ohiari desobedientzia delitua egozten diotela, eta ez matxinada delitua.

Nolanahi ere, Espainian hura atxilotzeko aginduari eutsi dio, epailearen aurrean deklaratzeari uko egin ziolako.

Ebazpenak erreakzio soka luzea eragin du berehala eta auzipetuek sare sozialak erabili dituzte euren mezuak zabaltzeko.

Larunbateko inbestidura saioari eusteko eta Turulli botoa emateko eskatu du haren abokatuak

Jordi Turull Generalitaterako presidentegaiak ondoko mezua idatzi du Twitterren, kartzelatu egingo dutela jakin duenean: "Kataluniako herritarren ordezkari hautatu nindutenei, Kataluniako presidenteari, Gobernuari eta Parlamentuari leial izateagatik espetxeratu naute".

"Lasai nago, egin dudana delitua ez dela eta inori minik egin ez diodala jakin badakidalako", erantsi du.

Jordi Turullen abokatuak, berriz, Kataluniako presidentegaiaren izenean hitz egin du kazetarien aurrean eta larunbat honetarako deituta dagoen inbestidura saioari eusteko eta haren aldeko bozkatzeko eskatu du, "duintasunagatik eta bere espetxeratzea bidegabea delako".

Gauean, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak jakinarazi du larunbateko osoko bilkurari eutsi egiten diola. Alabaina, EFE agentziak Parlamentuko iturriak aipatu zabaldu duenez, oso litekeena da inbestidura saioko bigarren bozketa ez egitea, Turullek bertan egoteko aukerarik izango ez duelako.

 

 

Josep Rullek, esaterako, Kataluniako herriak aurrera egingo duela azpimarratu du Twitterren.

"Gurekin egiten dutena eginda ere, Kataluniaren kausak –askatasuna, demokrazia eta duintasuna- sendo jarraituko du, milioika garelako horretan sinetsita gaudenak. Gure konpromisoagatik ordaindu dugun prezioak gainerako guztien konpromisoa biderkatzeko balio dezala", idatzi du.

 

 

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak esan du "kontzientzia garbi" eta "burua goian" duela eta azpimarratu du pertsonak espetxeratu daitezkeela, "baina ideiak ez".

Era berean, batuta egoteko eskatu die indar soberanistei: "Negar egiten baduzue, besarkatu eta maitatu zaitezte, eta ondoren, altxatu eta jarraitu batuta eta indartsu. Aurrera egingo dugu".

 

 

Carles Puigdemontek esan du "Espainiako Estatu antidemokratikoa Europaren lotsa" dela eta preso politiko guztien askatasuna galdegin du.

"Nazio Batuen Erakundeak  Espainiari Jordi Sanchezen eskubideak errespetatu ditzala exijitu dion egun berean, epaileak espetxera bidali ditu gure bost kide beren ideiengatik eta konpromisoagatik", idatzi dut Twitter sare sozialean.

 

 

 

ERCk eta CUPek mobilizaziorako deia egin dute

CUPek gogor kritikatu ditu espetxeratzeak eta "errepresio judizialaren aurrean" mobilizaziorako deia egin du.

"Hauteskundeetan galtzen dutena, auzitegien bidez irabazi nahi dute. Salbuespen egoera batean gaude, demokraziaren eta pertsona guztien eskubideen contra ari dira eta hori ezin da normaltzat hartu", ohartarazi du ohar baten bidez.

ERCk ere era mobilizazio baketsurako deia egin die Kataluniako herritarrei, independentismoak eta Kataluniako goi-karguek pairatzen duten "jazarpena" salatzeko eta demokrata guztien eskubide politiko eta zibilak "urratzen" dituen Estatuari aurre egiteko.

Iñigo Urkullu lehendakariaren iritzian, Kataluniako gatazka politikoari irtenbide politikoa ematetik "urrunago" gaude gaur.

"Politika, elkarrizketan eta akordioa lortzeko borondatean oinarritutako politika, arazoak ordezkaritza eta ekintza instituzionaletik abiatuta eta herritarrak errespetatuta konpontzeko tresna gisa baliatutako politika, desagertu egin da", adierazi du Twitter bidez.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren esanetan, berriz, Katalunian hartzen dituen erabakiekin Estatuak bidaltzen duen mezua da "ezin daitekeela Kataluniako, Galiziako, Kanarietako edo Euskal Herriko Errepublikarik eraiki bide baketsuen eta demokratikoen bidez".

Ildo horretan, Otegik ohartarazi du Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua "luzaroan mantentzeko" asmoz ezarri dutela. Gauzak horrela, "Euskal Herrian herri gisa erantzun behar dugu, eta ez alderdi edo sindikatu moduan", erantsi du.

Albisteak (6)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)