Itxi

Ekimena

'Altsasuko auzia' salatzeko martxaren bosgarren etapa Tuteran amaitu da

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Parte-hartzaileak Altsatutik abiatu dira, eta Tuterarainoko bidea egin dute. Han, Foruen Enparantzan egin dute ekitaldi nagusia.

'Altsasu martxan' ekimenaren bosgarren etapa Tuteran amaitu da. EiTB

"Altsasuko herriaren Nafarroako itzuliak" bosgarren etapa egin du larunbat honetan, Altsasutik Tuterara. Berrogeita hamar erakundek, entitatek eta kolektibok antolatutako ekimena da.

08:00etan, Altsasuko 80 bat bizilagun Castejon aldera abiatu dira 20 autotan. Hara iritsi direnean, harrera egin diete eta ibilgailu gehiagok egin dute bat etaparekin. Hortaz, karabana bitan zatitu da, 32 ibiligailuk Corellara eta Cintruenigora bidea hartu dute; beste 22k, berriz, Valtierra eta Arguedas aldera jo dute, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Etapan zehar, herrietako jendeak eta ordezkari instituzionalek agurtu dituzte. Azkenik, Tuterara iritsi dira eguerdian, eta kalejira egin dute gaiteroek eta txistulariek lagunduta.

Foruen Enparantzan egin dute eguneko ekitaldi nagusia, bi guardia zibili eta haien bikotekideei jotzeagatik terrorismo delitua egotzita espetxean dauden gazteei elkartasuna adierazteko.

Edurne Goikoetxeak hitz egin du Altsasuko Gurasoak elkartearen izenean. Jasotako harrera eta babes beroa eskertu du, bizi duten egoeraren aurrean "beldurra" sentitzen dutelako.

Zentzu horretan, "eskubideak ezin direla inolako zigorrik jaso gabe zanpatu". Horrenbestez, nabarmendu duenez, datorren apirilaren 14ean "oso ozen esan nahi dute hori ez dela posible, justizia eskatzen dugula".

Albisteak (4)