Katalunia
JxCatek, ERCk eta CUPek Puigdemont inbestitzeko premiazko osoko bilkura eskatu dute
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Parlamentuak Carles Puigdemont presidente izendatzeko "beharrezko neurri guztiak" hartzea nahi dute alderdiok, eta Turull eta Sanchez presidente izendatzeko eskubidea bermatzea.
JxCat, ERC eta CUP alderdiek aste honetan premiazko osoko bilkura egitea eskatu dute gaur (astelehena), Carles Puigdemont presidente izendatzeko Kataluniako Parlamentuak "beharrezko neurri guztiak" har ditzan. Horretarako, alderdiok bi ebazpen-proposamen aurkeztu dituzte.
Horietan, halaber, Jordi Turullen eta Jordi Sanchezen eskubide parlamentarioak eta inbestituak izateko eskubideak bermatzeko neurriak ere eskatzen dituzte.
Bestalde, bloke independentistaren proposamenekin preso subiranista guztiak "berehala askatzea" eskatu dute.
Dokumentuok astelehen honetan Bozeramaileen Batzordean erregistratu ostean, gainerako taldeei helarazi dizkiete, osoko bilkura "aste honetan" egiteko eta ebazpen-proposamenok onartzeko, Kataluniako Parlamentuko iturriek jakinarazi dutenez.
Horrela, Roger Torrent Ganberako presidentea gaur arratsaldean bilduko da berriro Mahaiarekin eta Batzordearekin ebazpen-proposamen horiek bideratzeko, eta osoko bilkuraren data eta edukia zehazteko.